Maiatzaren 25ean egingo dute familien festa, Floreagan

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 14a, 12:10
2018ko familien festako irudi bat. (Argazkia: Floreaga)

Hurrengo zapatuan, maiatzak 25, Azkoitiko salestar hezkuntza pastoralaren komunitateko familia festa egingo dute Floreaga Salestar Ikastetxean. Arratsaldean hasita, hamaika ekitaldi egingo dituzte Floreaga Ikastetxean.

Maiatzaren 25ean ohiko familia festa egingo dute Floreaga Ikastetxean. Gonbidapena Alai Batza aisialdi elkarteko kideei, euren familiei eta Floreaga ikastetxeko ikasleei eta familiei zuzendu die Ikastetxeak. Egitarau zabala prestatu dute familien eguna ospatzeko. 16:00etatik 20:00etara, txikienentzako puzgarriak, tailerrak eta jolasak egingo dituzte. 17:00etatik 20:00etara, berriz, Alai Batza aretoa txikientzat, gazteentzat eta helduentzat prestatuko dute. 18:45ean, gainera, futbolin txapelketa egingo dute.

17:00etatik 18:30era, 'Jolasen jolas' atari jolasak egingo dituzte helduekin eta haurrekin osatutako talde mistoekin. 17:30etik 19:30era, bestalde, patata tortilla txapelketa prestatu dute; parte hartzaile kopurua mugatua dela jakinarazi dute antolatzaileek. 20:30etik 21:00etara, On Bosco pilotalekura sartuko dira parte hartzaileak, afaltzeko. Tiketa erakustea beharrezkoa izango dute afarirako izena emandako guztiek. Ostiralean, maiatzak 17, itxiko dute izen ematea, eta pertsonako euro bat ordaindu beharko da.

21:00etatik 21:15era, ongietorria egingo diete parte hartzaile guztiei, eta 22:00etara bitartean afaria egingo dute, norberak eramandakoa. Afalostean, 23:45era arte, gau festa izango da On Bosco pilotalekuan. Besteak beste, bingoa, bideo emanaldiak, dantzak eta disko festa egingo dituzte. Gauerdiera bitartean, festaren amaiera egingo dute. Ondoren, parte hartzaile guztien artean garbituko dute pilotalekua.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide