Errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideen aldeko martxa egingo dute igandean

Errefuxiatuen eta migratzaileen eskubideen aldeko martxa egingo dute igandean

Euskadi eta Nafarroako Jesusen Lagundiaren erakundeek sustatuta, martxa solidarioa egingo dute igandean, maiatzak 19, Aizpurutxo eta Loiola artean. Europako Parlamenturako hauteskundeak direla eta, Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita-Europa erakundearen 'The power of vote' izeneko kanpainarekin egingo dute bat.

Datorren igandean, maiatzak 19an, Aizpurutxo auzoa eta Loiolako santutegia lotzeko arteko hamar kilometroko ibilaldia egingo dute, Hospitalitate bideak deritzon ekimenean. «Sorterriak uztera behartuta dauden pertsonen eskubideak» aldarrikatuko dituzte martxa solidarioan. Errefuxiatuak eta migratzaileak «abegiz hartuko dituen hospitalitate-kultura baten alde» mobilizatu nahi dituzte herritarrak, Euskadi eta Nafarroako Jesusen Lagundiaren erakundeen ekimenez.

Aurten, eta Europako Parlamenturako hauteskundeak laster izango direla eta, bat egingo dute Errefuxiatuentzako Zerbitzu Jesuita-Europa (JRS-Europe) erakundearen 'The power of vote' izeneko kanpainarekin. Kanpaina horren bidez, Europako hauteskundeetan parte hartzeko dei egin die JRS Europak, eskubidezko Europa Batasuna aldarrikatzeko. «Herritar guztien berdintasunaren, babesaren, askatasunaren eta duintasunaren alde egiten duen» Europa bozkatzeko eskatu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide