Etxaniz, Agirrebeña eta Laja II.a, Trikitilari Helduen II. Txapelketan

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 12a, 12:58

Atzo, zapatua, Trikitilari Helduen II. Txapelketa jokatu zuten Markina-Xemeinen. Besteak beste, Xabier Etxaniz, Aintzane Agirrebeña, eta Laja II.ak parte hartu zuten txapelketan. Etxanizek lortu zuen emaitzarik onena, sailkapeneko bigarren postuan amaituta.

Atzo, zapatua, Trikitilari Helduen II. Txapelketa jokatu zuten Markina-Xemeinen (Bizkaia). Xabier Etxaniz, Aintzane Agirrebeña eta Jose Luis Garmendia 'Laja II.a' trikitilari azkoitiarrek parte hartu zuten atzoko txapelketan.

Lehen edizioa Xabier Etxanizek irabazi zuen Ainara Saizarrekin batera, baina, bigarrengoan ez zuen duela bi urteko balentria errepikatzerik lortu. Etxanizek eta Saizarrek bigarren postua lortu zuten 421,50 punturekin. Lehenak Julen Alonso eta Eneritz Aulestia izan ziren, 424 punturekin. Aintzane Agirrebeña Eibarko bizilagun azkoitiarra, berriz, laugarren sailkatu zen Mirari Azkunerekin batera; 375 puntu batu zituzten. 'Laja II.a'eta Eugenio Gisasola 'Lutxurdio', berriz, laugarren postutik atzera gelditu ziren —ez zituzten zehaztu sailkapenak bosgarren postutik aurrera—.

2017an egin zuten Trikitilari Helduen II. Txapelketaren lehen edizioa. Ordura arte, 1991tik ez zen 22 urtetik gorakoen trikiti txapelketa nagusirik egin Euskal Herrian, eta aurten berreskuratu egin dute. Guztira, zortzi bikotek parte hartu zuten.

Hona hemen sailkapena, osorik:

1- Julen Alonso (Orio) eta Eneritz Aulestia (Zarautz) 424 punturekin.

2- Xabier Etxaniz (Azkoitia) eta Ainara Saizar (Aia) 421.50 punturekin.

3- Edurne Iturbe (Urretxu) eta Oihana Irastorza (Lesaka) 404.5 punturekin.

4- Mirari Azkune (Etxeberri) eta Aintzane Agirrebeña (Azkoitia) 375 punturekin.

Bosgarren postutik aurrerakoak partaideak izendatu egin zituzten soilik, puntuaziorik zehaztu gabe.

- Xabier Malbadi eta Ander Malbadi anaiak (Albistur)

- Ander Blasco (Sopela) eta Jon Ander Azkue (Getxo)

- Joxe Luis Garmendia 'Laja II.a' (Azkoitia) eta Eugenio Gisasola ``Lutxurdio´´ (Urretxu)

Jone Uria (Eibar) eta Julene Otegi (Mungia)

Argazkiak: Ibon Errazu

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide