Unai Izagirre, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 10a, 17:50
Unai Izagirre Erniarraitzeko bertsolaria. (Argazkia: Maxixatzen)

Azkoitiarrak 'Gipuzkoa bertsotan' Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasean parte hartzen ari dira. Joan den asteburuan Joseba Andoni Agirre izan zen lehiatzen lehena, eta datorren asteburuan Unai Izagirreren txanda izango da. Mutrikun arituko da Erniarraitzeko bertsolari azkoitiarra.

Joseba Andoni Agirre izango zen sailkapen fasean aritu zen lehen bertsolari azkoitiarra. Joan den igandean, maiatzak 5, Orioko Kultur Etxean izan zen saioan parte hartu zuen Agirrek. Lehiatzen bigarrena Unai Izagirre izango da. Zapatuan, maiatzak 11, Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean arituko da Izagirre, 17:00etan. Txarteldegia 16:00etan irekiko dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Julene Iturberen txanda, berriz, maiatzaren 18an izango da. Aretxabaletako Zaraia Aretoan arituko da, 17:00etatik aurrera.

Honako lanak egin beharko dituzte bertsolariek:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, bina bertso.
  • Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, bina bertso.
  • Kartzelako lana: binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.

84 bertsolarik parte hartuko dute sailkapenean. Bi multzotan banatuko dira eta multzo bakoitzean zazpi saio jokatuko dira. Multzo bakoitzeko 17 bertsolarik eskuratuko dute irailean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko txartela. 34 bertsolari horiei dagoeneko sailkatuta dauden 14 bertsolariak batuko zaizkie.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide