'Euskalonski' saioak ernatu ditu V. Maiatzeko Lorak

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 8a, 21:33
Ezkerretik eskuinera, Reparaz, Garro eta Zubizarreta.

Bosgarren urtez jarraian, gaur, asteazkena, loratu dira Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Maiatzeko Lorak. Lehen ekitaldian, solasaldia izan da Lander Garro 'Euskalonski' saioko zuzendariarekin eta Pello Reparaz aurkezlearekin, Elkargunean.

Gaur, asteazkena, ETB1eko 'Euskalonski: euskal hiztunak munduan zehar' hitzaldia izan da Elkargunean. Ana Zubizarretak gidatuta, Pello Reparaz aurkezlea eta Lander Garro saioaren zuzendaria Azkoitian izan dira Maxixatzeneko erabiltzaileek eta bertaratutakoek egindako galderei erantzuten.

Elkarguneko Oteiza aretoa goraino bete da 'Euskalonski' saioko kideak gertuagotik ezagutzeko. Besteak beste, saioa egiteko ideia nola sortu zen, lantaldearen osaketaz, elkarrizketatuak aurkitzeko prozesuaz, hiriak aukeratzeko dituzten irizpideez, elkarrizketatuei buruz eta euskararen inguruan hitz egin dute bi hizlariek Azkoitian. Bigarren denboraldiko aurrerapen txiki batzuk ere eman dituzte Reparazek eta Garrok. Amaieran, berriz, ikus-entzuleen galdera batzuk erantzuteko tartea hartu dute bi protagonistek; Reparazek sinadurak, argazkiak eta ahots mezuak ere grabatu behar izan ditu jarraitzaile txikienen eskaerei erantzunez.

Pello Reparaz saioko aurkezlea.

Lander Garro zuzendaria.

 

Ana Zubizarreta solasaldiaren gidaria.

Elkarguneko Oteiza aretoa beteta.

'Lore' gehiago

Maiatzeko Lorak hasi besterik ez dira egin, ordea. Maiatzaren 17an, 22:00etan, bertso saioa izango da Floreagako On Bosco aretoan. Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak izango dira oholtzan. Gai jartzaile lanetan, berriz, Juan Inazio Sudupe arituko da. Saioa ikusteko sarrerak Maxixatzeneko bazkideen artean banatuko dira. Ikusi saritutako bazkideen zerrenda.

Maiatzaren azken egunean, berriz, Pelax eta Izaki Gardenak taldeen kontzertuak izango dira Matadeixen, 22:30ean. Sarrera orokorraren prezioa bost eurokoa izango da. Maxixatzeneko bazkideek, aldiz, bi euroren truke gozatu ahalko dituzte kontzertuak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide