Janari bilketa egingo du datorren astean Gazteak eta Garapena taldeak

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 9a, 09:58
Sierra Leonako hainbat gaztetxo. (Argazkia: Amnistia Internazionala)

Azkoitiko Gazteak eta Garapena taldeak janari bilketa egingo du datorren astean zehar, Sierra Leonara (Afrika) bidaltzeko. Floreaga ikastetxean, herriko merkataritza guneetan eta dendetan egongo dira taldekideak janari bilketa egiteko. Norbanakoek ere izango dute aukera laguntza emateko.

Euskal Herriko Salestarren Gazteak eta Garapena taldeak 2019ko kanpaina antolatu du, eta 'Nire bizia' pastoral kanpainaren barruan janari bilketa egingo du Afrikarako. «Janariz betetako edukiontzia bidali nahi dugu», azaldu dute taldekideek. Hala nola, esne-hautsa, babak, garbantzuak eta sardina edo atun potoak bildu nahi dituzte. «Ondo kontserbatzen dira, eta asko estimatzen dituzten janariak dira», gehitu dute.

Floreaga Ikastetxean jasoko dituzte janariak, idazkaritzan edota ikasgeletan, maiatzaren 18ra arte. Maiatzaren 17an eta 18an, berriz, herriko hainbat merkataritza gunetan eta janari dendetan egongo dira taldekideak, «jendeari egoera esplikatzeko eta laguntza eskatzeko». Biltzen den janaria sailkatu eta Sierra Leonara bidaliko dute. Laguntza eman nahi duenak, halaber, 605 728 881 telefono zenbakira dei dezake edota Floreaga Ikastetxera joan.

Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko garapenerako erakundearen Azkoitiko taldea, Afrikako hainbat proiektu babesten saiatu da 2008tik hona. Beninen eta Togon (Afrika) eskaini du laguntza taldeak, besteak beste, herri-putzuen eraikuntza diruz lagunduz, eta kaleko umeen aldeko hainbat ekimenetan zuzenean parte hartuz. Azken urteetan Sierra Leonan (Afrikan) kaleko neska-mutilentzat duten proiektuari lagundu diote salestarrek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide