Zahar etxeetako langileak greban, 'kalitatezko' lan baldintzen alde

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 8a, 12:26

Gipuzkoako zahar egoitzeko langileak, tartean azkoitiarrak, greban daude lan baldintzak eta nagusiei ematen dieten arreta hobetzearen alde. Gaur eguerdian Azkoitiko eliz atarian bildu dira, eta ozen eskatu dituzte langileen «kalitatezko» lan baldintzak.

Zahar etxeetako langileek azaldu dute gizarte osoari eragiten dion eskubide kolektibo baten defentsan ari direla greban, «herritar guztiek bizitzako azken urteetan merezi duten zaintza jaso ahal izateko». Langileek kontratu eta soldata duinak eskatzen dituzte, «kalitatezko lan baldintzak».

Sindikatuen arabera aldundiak du giltza langileen eta patronalaren arteko lan gatazkan. Salatu dute sindikatuak eta patronalek akordiorako oinarri bat egin zutela martxo inguruan, baina horrek ez zuela aurrera egin foru gobernuak ez zuelako nahi izan. Hala, Gizarte Politikako diputatu Maite Peñari eskatu diote argitzeko ea zergatik ez dituen «finantzatu» nahi testu horretan jasotakoak. Uste dute Gipuzkoako Aldundia gezurretan eta dokumentuak faltsutzen ari dela. Sindikatuen arabera, Gipuzkoako zahar etxeak aldundiak finantzatzen ditu (%90), eta erakunde hori da, hain justu, «traba gehien» jartzen ari dena akordio bat lortzeko. Maiatzaren 1ean berriz ekin zioten grebari beharginek; iazko irailetik protestan dira. Gipuzkoan, 5.000 bat lagunek egiten dute lan sektore horretan; gehienak, emakumeak.

Zahar etxeetan pertsonalaren gabezia «nabaria» dela uste dute, eta lan karga, berriz, «gehiegizkoa». Lanuzteak direla-eta egoera okertu dela azpimarratu dute, eta ohartarazi horrek «ondorioak» izan ditzakeela erabiltzaileen osasunean.

Grebaren oinarrian dago baita ere emakumeek zainketan jokatzen duten papera. Zaintza historikoki emakumeek egin duten lana izan da, soldatarik jaso gabe. Lana profesionalizatu denean «oso lan baldintza txarrekin» izan dela gaineratu dute: lanaldi partzialekin, behin-behineko kontratuekin eta gizonek lan egiten duten sektoreetan baino soldata baxuagoekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide