Elkarrizketa alkategaiekin

Janire Igoa: «Datorren legealdian lanean jarraituko dugu Udala azkoitiarren onurarako aritu dadin»

Janire Igoa PSE-EEren Azkoitiko alkategaia.

Janire Igoa Merino (Azkoitia, 1992) da PSE-EEren udal hauteskundeetako alkategaia. Hiru urtez zinegotzi izan da Igoa.

Zergatik erabaki duzu alkategai izatea?

Azkoitiko talde sozialistako kideek proposatu ninduten Azkoitiko Udalerako Alderdi Sozialistaren zerrendaburu izateko. Niretzat ohorea da Azkoitiko bizilagunentzat lan egin ahal izatea. Alkate izateko motibatzen nauena besteei laguntzeko gogoa da, azkoitiarrei laguntzea. Nire lanarekin eguneroko bizitzan laguntzen diedala ikustea da gehien asebetetzen nauena. Ohorea da, eta harro nago Azkoitian hautagaia izateaz.

Zein dira alkate izanda eman nahiko zenituzteen lehen urratsak?

Agenda soziala lehenetsiko nuke eta epe laburrean zerbitzu publikoak hobetzen saiatuko nintzateke. Era berean, alkate gisa egin beharreko lehen urrats horien barruan, Floreaga auzoko irisgarritasun-lanei bultzada emango nieke eta San Jose egoitza leku egokiagora lekualdatzeko beharrezko azterlanak sustatuko nituzke.

Zeintzuk dira proiektu nagusiak?

Floreaga auzoa, San Jose egoitza, apustu etxeen edo online jokoari aurrea egiteko programa pilotu bat sortzea, familia behartsuenei erantzuteko etxebizitza sozialen sare bat sortzea, edo udal-igerilekuak handitzea.

Zein dira Azkoitiko arazo nagusiak?

Azkoitiak dituen erronkek ez didate buruko minik ematen; gehiago motibatzen nau erronkei irtenbidea bilatzeak. Edonola ere, Azkoitiak dituen erronka garrantzitsuenetako batzuk honako hauek dira: hirugarren adinekoei eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonei arreta hobetzea, tokiko merkataritzari laguntzea, online jolasaren edo apustu-etxeen arazoak prebenitzea, eta lan-mundurako sarrera sustatzea.

Zer egin nahi du PSE-EEk datorren legegintzaldian?

Hurrengo legegintzaldirako ditugun ideietako batzuk dira San Jose egoitza lekuz aldatzeko beharrezko azterlanak egitea, hilerriko irisgarritasuna hobetzea, Floreaga auzoan irisgarritasun lanen proiektua egitea, eta gazteen emantzipazioa errazteko neurriak sustatzea.

Zein alorretan jarriko dituzu indarrak?

Gizarte agendan eta zerbitzu publikoetan, baina Floreaga auzoa, San Jose egoitza eta hilerriaren irisgarritasun gaiak ahaztu gabe.

Sail bakoitzean zein neurri hartu nahi dituzue?

Berdintasunean, tratu berdintasunerako udal plan bat bultzatzea nahi dugu. Gazterian, asmoa da 'Jolasaren' aurrean prebentzio-programa pilotua sortzea. Halaber, gazteen artean bizikletaren erabilera bultzatu nahi dugu eta emantzipaziorako laguntza neurriak hartuko ditugu. Kirolean, udalerriko aisialdia sustatzen laguntzen duten kirol jardueren sustapena egin nahi dugu. Ekonomian eta nekazaritzan, kalitatezko enplegua sustatzea eta lan munduratzea sustatu nahi dugu tokiko eta eskualdeko enplegu planen bidez, bereziki udalerrian enplegua, nekazaritza eta turismoa garatu ahal izateko.

Ongizatean, hirugarren adinekoentzako arreta integrala osatu nahi dugu; gizarte-pisuen sarea osatu behar da premia gehien duten familientzat. Ingurumenean, zaborrak biltzeko sistema hobetu nahi dugu, birziklatzearekin sentsibilizatzeko kanpainak egin behar dira eta garraio publikoaren erabilera sustatu. Kulturan eta euskaran, udal liburutegian hizkuntzen autoikaskuntza zerbitzua hobetu nahi dugu, tokiko artisten promozioa egin, eta benetako elebitasun inklusiboa bultzatu. Hirigintzan, asmoa da Plazaberri eraberritzea, San Jose egoitza birkokatzeko azterketak bultzatzea, Floreaga auzoko irisgarritasun obrak egitea, udal igerilekuak handitzea eta hilerrirako irisgarritasuna hobetzea.

Zer balorazio egingo zenuke azken legegintzaldiari buruz?

Pozik nago Udalean Alderdi Sozialistak egin duen lanarekin. Ideia asko eta lan egiteko gogoa dugu, eta hori erakutsi dugu gure proposamenekin. Udal gobernuan egon direnen aldetik, ordea, gauza asko gelditu dira egiteko. Datorren legealdian lanean jarraituko dugu Udala azkoitiarren onurarako aritu dadin.

Zergatik bozkatu behar da PSE-EE?

Beste alderdi batzuek ez bezala, Alderdi Sozialistak azkoitiar guztientzat lan egiten du eta lan egiten jarraituko du, horien sinesmenei, ideologiari edota jatorriari begiratu gabe. Gure lehentasuna Azkoitiko herritarrak dira, horien arazoei irtenbidea ematea da gure helburu nagusia, eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea, batez ere gizarte eskubideen arloan.

Nola ikusten dituzu hauteskundeak?

Emaitza ona lortuko dugulakoan nago. Kalean sumatzen dut Udalean egindako proposamenei buruz hitz egiten duela jendeak nigana hurbiltzean. Azken hauteskundeetan beste aukera baten aldeko botoa eman zuten ziurrenik pertsona horiek, baina datozen hauteskundeetan Alderdi Sozialistari emango diote botoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide