Elkarrizketa alkategaiekin

Jose Joakin Etxaniz: «Herritarren beharrei erantzuteko lan egingo dugu»

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 15a, 09:08
Jose Joakin Etxaniz Peña Azkoitia Bai Herri Plataformako alkategaia.

Jose Joakin Etxaniz Peña (Azkoitia, 1967) da Azkoitia Bai Plataformaren udal hauteskundeetarako alkategaia. Azken lau urteetan izan da plataformako zinegotzia Etxaniz, baina aurretik ere beste bi urte egin zituen, 2007-2011ko legealdian.

Zergatik erabaki duzu alkategai izatea?

Hiru hitzetan esanda, herritarren beharrei erantzuteko. Gure taldea delako soilik Azkoitiko gaiez arduratzen den bakarra. Guk ez dugu beste alderdi denek duten kutsu politikorik, eta horrelako talde bat behar-beharrezkoa da herrian, gure ustez.

Zein dira alkate izanda eman nahiko zenituzteen lehen urratsak?

Azkoitia Baik beti eman izan dio aparteko garrantzia talde lanari. Lehen pausoa herriko talde eragile denekin biltzea eta guztiok batera aurrerapausoak nola eman finkatzea izango litzateke, herriko antolakuntzarako beti aldarrikatu dugun parte hartzea bultzatzeko asmoz; noski, beste alderdi politikoek diotena alde batera utzi gabe.

Zeintzuk dira proiektu nagusiak?

Floreaga auzoaren irisgarritasuna bermatzeko, lehen bi faseak 2020an gauzatzen ahalegindu, Idiakez Ederra eraikina behingoz bukatu, igerileku berria egin, egoitza herrira jaisteko pauso sendoak ematen hasi… Azken finean, herritarrek eskatzen dutenari erantzuna ematea da gure eginkizun nagusia, eta hori ez dugu inoiz ahaztu behar.

Zein dira Azkoitiko arazo nagusiak?

Politikoki, gehiengo osoa izan da arazo nagusia. Alderdi politiko batek bakarrik hartu ditu herri osorako erabaki guztiak. Herritar talde batek egindako aldarrikapenekin ez badute bat egin, ez dira gauzatu proiektuak. Bestalde, herriko mugimenduen bidez sortu ez diren beste proiektu batzuk gauzatu egin dira. Errazago ulertzeko, gehiengo osoak herritar batzuen eskakizunei egin die soilik jaramon, eta ez guztiei.

Zer egin nahi du Azkoitia Baik datorren legegintzaldian?

Garrantzitsua litzateke orain herrian ditugun bi alderdi politikoen eztabaida antzuak alde batera uztea. Guztiok batera herriko arazoei irtenbidea ematen saiatu behar dugu, kanpotik datozkigun eragin politikoak eta liskarrak baztertuz.

Zein alorretan jarriko duzu indarra?

Alor guztiak dira garrantzitsuak. Batzuek aurrekontuaren zati handi bat jaten dute, baina garrantzia ez da neurtu behar arlo bakoitzak beharko lukeen diru kopuruarekin. Gure taldean saiatzen gara arlo guztietan jakin-mina duten pertsonak biltzen. Aparteko garrantzia ematen diegu herritik sortzen diren talde eragileen eskakizunei.

Sail bakoitzean zein neurri hartu nahi dituzue?

Berdintasunari dagokionez, herriko talde feministarekin elkarlanean aurrerapausoak eman nahi ditugu, eta berdintasunera bideratuko gaituen heziketa bultzatu. Nekazaritzan, pinuen arazoari irtenbidea aurkitu eta etorkizunerako landa egokiena aztertu behar da, baserri bideen mantentzea sendotuz. Halaber, baserritarrei laguntza eman eta bertako produktuen salmenta bultzatu nahi dugu. Ongizatean, gure programetan aspalditik daukagun moduan, egoitza kalera gerturatzeko pauso sendoak eman nahi ditugu. Herriko erretiratuen bizi kalitatea bermatuz, eskaerak lortzen ahaleginduko gara, pertsona guztien integrazioa ahalbidetuz eta etorkinei irakaskuntza eta formazioa emanez. Kirolean, balio inklusibo eta solidarioak saritu nahi ditu gure taldeak, eta kirol-orientazio zerbitzua sortu. Txerloia eta San Juan futbol zelaien erabilera aztertu nahi dugu, herriko gainerako kirol eraikinak bezala udalarenak baitira. Elkarguneko azpikontratazioa ere berraztertu egin beharko da.

Euskaran, Maxixatzeni laguntza handiagoa eman nahi diogu, herritarrak euskaraz irakurtzera gehien bultzatzen gaituen elkartea baita. Liburutegian ere euskaraz irakurtzeko proiektu berriak abiarazi nahi ditugu. Hirigintzan, bestalde, Floreaga auzoko irisgarritasuna bermatu, Idiakez Ederra eraikinari jarraipen zuzena egin, herriko pasabide arriskutsuak zuzendu eta espaloien irisgarritasuna bermatu nahi dugu. San Martin auzoan ibilgailuak aparkatzeko dagoen arazoa kudeatu beharra ikusten dugu. Herri barruko trafikoa berrantolatu beharra dago, eskoletako sarrera-irteeretako arazoa ekidin, eta hileta zibilak egiteko aukera eman. Eta, nola ez, igerileku berria egin, Plaza Berria txukundu, San Martingo irisgarritasuna bermatu eta egoitza herrira jaitsi.

Ingurumenean, herriko eragileekin harremanak sendotu beharra dago. Ingurumena politika kutsutik baztertu behar da. Garbi dugu lanketa horretarako talde aproposena garela. Herritar guztien erantzukizuna lortzen ez bada, ezingo da eman aurrerapausorik. Gazterian, aisialdiari hainbat irtenbide emateko guneak sortu behar dira, bai kulturan bai kirolean. Kulturan, beharrezkoa ikusten dugu kultur eta kirol sariak birplanteatzea, balio inklusibo eta solidarioak bultzatuz. Liburutegian, ikasketa gunea eta liburutegia desberdindu behar genituzke, eta liburutegi dinamikoa sustatu; irakurketa erraza bultzatu, irakurketa taldeak sortu eta liburutegia etxera eramateko aukera eman behar da. Kafe antzokia eta kultur mahaia sortzea ere buruan dugu. Sorkuntza bekak bultzatzea ere gure nahietako bat da. Ekonomian, beste alderdiak baztertzen ari diren irizpideekin jarraitu nahi dugu. Tasen %100 berreskuratu eta inguruko hogei herriren batezbestekoan kokatu nahi dugu zergetan. 25 urtetik gorako auto zaharrei hobariak kendu nahi dizkiegu, eta historikoei soilik mantendu. Etxe hutsen zerga berreskuratu nahi dugu, zaborraren tasan %100era gerturatu eta birziklatzea saritu. Merkatari txikiei hobariak eman nahi dizkiegu, uraren eta zaborraren tasak jaitsiz batzuei. Uraren erabilera egokia saritu eta arduragabekeria zigortu nahi dugu. Azkenik, aurrekontuetan ekintzaileentzat dauden laguntzak berreskuratzea ere gure asmoetako bat da.

Zer balorazio egingo zenuke azken legegintzaldiari buruz?

Gure taldea ez da besteen okerrak salatuz hauteskundeak irabazi nahi dituen taldea. Nahiz eta jakin horrela irabazten direla, saiatzen gara marra gorri batzuk ez gainditzen. Ziurrenik beste taldeok hartuko genituen erabaki asko eta asko hartu dituzte; halere, ez dute herritar guztientzat lan berbera egin, eta beste alderdiak baztertuta sentitu gara une oro.

Azkenaldian hainbat talde sortu da herrian, gai ezberdinen inguruan eskaera ezberdinak egiteko edo aldarrikatzeko. Oso aberasgarria da, herritarren parte hartze aktiboaren seinale baita. Halere, beste irakurketa bat ere egin daiteke, hau da, udalak zerbait ondo egiten ez duela.

Zergatik bozkatu behar da Azkoitia Bai?

Azkoitiko herritarren beharrei soilik erantzungo dien eta herritar guztion batura lortuko duen alderdi bakarra garelako. Orain bi zatitan dugun herria batuko lukeen taldea gara.

Nola ikusten dituzu hauteskundeak?

Duela lau urte izan genituen hauteskundeekin alderatuz, ez dut ikusten aldaketa handirik herrian; antzeko emaitzak espero ditut. Horrela bada, alderdi baten gehiengo osoak herriarengan eragiten dituen kalteak jasan beharko ditugu beste lau urtez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide