Parkearen estalkia kokatuta

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 4a, 17:31
Parkearen kanpoko egitura jartzen ari dira Gaztanenean. (Argazkiak: Maxixatzen)

Gaztanenea Hizkuntza Eskolaren alboko berdegunean ari dira eraikitzen haurrentzako parke estalia, eta estalki erraldoi bat kokatu dute dagoeneko.

2018. urtea amaitu aurretik, abenduan, Udalak herriko ikastetxeetako ikasleei galdetu zien nolako parkea nahi zuten Gaztanenea alboan. Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko eta Bizilore Eskolako HH5 eta LH1, LH2, LH3 eta LH4ko 742 ikasleek udalak proposatutako hiru aukeraren artean egin zuten aukeraketa. «Inklusiboa» izango da parkea eta «egokitutako jolasak» jarriko dituzte bertan, Udalak azaldu duenez. Hau izango da parkeak izango duen itxura lanak amaitzean: 

 

Lurra egokitzeko lanekin apirilean hasi ziren, eta egunotan parkearen estalkia ipini dute. Uztail-abuzturako lanak bukatzea aurreikusi dute. Urbabil 2000 S.L. enpresa ari da lanak aurrera eramaten, eta 149.374,51 eurokoa izango da lanen kostua, BEZa barne.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide