Euskara hauspotzea eta nazio ikuspegia jorratzea, Xabier Euzkitzeren ahotan

Maxixatzen.eus 2019ko mai. 3a, 12:17
Xabier Euzkitze Elkargunean.

Gazte Geroak antolatuta, Xabier Euzkitze izan da Elkargunean, Euskal kulturaren inguruko hitzaldia ematen. Gaurko eta etorkizuneko euskal kultura izan du hizpide kazetari eta komunikatzaile ezagunak. Aretoa goraino bete da.

Komunikazioari eta euskarari lotua egon da betidanik Euzkitze. Euskaltzaindiako Herri Literaturako Batzordekidea da eta urgazlea da iaztik. Donostiako Udalean Hezkuntza eta Euskara sailean lan egiten du, Miren Azkarate zinegotziaren aholkulari gisa.

Euzkitzeren esanetan, kulturak lehentasunezko apustua izan behar du gure herrian, herri gisa iraun nahi baldin badugu. «Euskara da hemengoa den hizkuntza bakarra. Eta geuk hauspotzen ez baldin badugu, beste inork ez dio arnasa emango. Eta hizkuntza hauspotzea, hizkuntza erdigunean jartzea da. Ez edozein moduz. Ez estrategia baztertzaileen bidez. Ez. Buruz jokatu beharra dago, ez bihotzez bakarrik. Baina euskarari baliabideak eman behar zaizkio. Euskarari hegoak eman behar zaizkio. Eskuartean arma paregabea daukagu, geuk uste duguna baino hobea». Aurten, 50 urte bete ditu euskara batuak.

Horri lotuta, bere bizipenak ere kontatu ditu. Euskara batua ikasteko izan zituen ereduak eta bere amarekin etxean egiten zituen ariketak izan ditu mintzagai. Horrekin, euskara batuaren kontzientzia zegoen garaiak gogoratu nahi izan ditu.

Herri hizkerak euskara batura eramateko inolako arazorik ez dagoela ere azpimarratu du. Euskara batua, naturala, freskoa eta aberatsa dela gaineratu du. Norberak nahi edo ahal beste aberastu dezakeela bere euskalkian. Eta, gainera, aberaste prozesu horrek ez duela mugarik esan du. «Zenbat eta gehiago aberastu, orduan eta ederragoa, freskoagoa eta naturalagoa izango da gure baitatik sortutako euskara batua», azaldu du.

Horren harira, Azkoitiko umeek elkarrekin euskara batuan hitz egiteak ez lukeela zentzurik izango ere esan du. Baina egunen batean, esaterako, Lapurdiko haurrak etorriko balira herrira, eta hemengo umeekin hitz egin beharko balute, zer egin behar da, frantsesez edo espainolez hitz egin? Edo eskuartean daukagun euskara batua erabili behar dute? «Horretarakoxe da euskara batua», azpimarratu du.

«Nazio ikuspegia falta zaigu. Herri ikuspegia. Horri balio handiagoa ematen diogun egunean, gehiago balioetsiko dugu euskara batua. Euskal kulturak ere hegan egitearekin amets egingo duten sortzaile eta eragileak behar ditu. Eta gutariko bakoitzak kudeatu behar du zer-nolako baliabideak eta zer-nolako altxorrak dauzkagun geure eskuetan. Egin dezagun hegan!».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide