Pailazoen emanaldia Floreagako XXX. Euskal Kultur Jardunaldiak hasteko

Maxixatzen.eus 2019ko api. 29a, 16:19
Potx eta Lotx pailazoak. (Argazkia: Potx eta Lotx)

Floreaga Ikastetxeak XXX. Kultur Jardunaldiak egingo ditu aurten, eta datorren zapatuan emango diote hasiera, Potx eta Lotz pailazoen emanaldiarekin. Bertso saioa eta Kantu Jira izango dira aurtengo kultur jardunaldietako gainerako ekitaldiak.

30 urte beteko dira aurten Floreaga Ikastetxea Kultur Jardunaldiak egiten hasi zenetik. Aurten hiru saio egingo dituzte. Datorren zapatuan, maiatzak 4, Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna izango da Floreagako On Bosco pilotalekuan, 17:00etan. Dantza, kantua eta umorea uztartuko dute zapatuko emanaldian. Sarrera doakoa da, eta herriko ume guztiak eta etxekoak gonbidatu dituzte ikuskizunera. Emanaldiaren ondoren, gainera, txokolatada egingo dutela jakinarazi dute.

Maiatzaren 17an izango da bigarren jardunaldia. 22:00etan hasita, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Oihana Iguaran eta Aitor Mendiluze bertsolariekin saioa egingo dute Floreagako On Bosco aretoan. Aipatutako ekimena Floreagako Guraso Elkarteak eta Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak elkarlanean antolatu dute, Maiatzeko Lorak ekimenarekin lotuz. Sarrerak Floreaga Ikastetxeko idazkaritzan, floreaga@floreaga.eus helbide elektronikoak edota 943 85 30 43 telefono zenbakian eskatu beharko dira, aretoan sartzen den jende koputua bete arte. Maiatzaren 24an, berriz, Kantu Jira egingo dute herriko kaleetan zehar, 19:00etan hasita, azken urteetan egin izan dugun bezala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide