Garagardo azoka Azkoitian, datozen bi asteburuetan

Maxixatzen.eus 2019ko api. 29a, 13:37
Karparen muntaketa, goizean. (Argazkia: Maxixatzen)

Datozen bi asteburuetan Garagardo azoka izango da Azkoitian. Iazko etenaldia eta gero, Iraurgi Saski Baloiak zazpigarren aldiz antolatu du. Beste urte batez mota guztietako garagardoa dastatzeko aukera izango da musikaz lagunduta.

Gero eta egun gutxiago falta da Azkoitiko garagardo azokak ateak irekitzeko. Ostiralean zabalduko dute gaur muntatzen hasi diren karpa. Garagardo azokaren karpa dela eta, datozen bi asteetan ez da plaza erdian aparkatzerik izango. Ostiralean 20:00etan irekiko dute azoka, eta 02:00etan itxi arte 80. hamarkadako musika entzuteko aukera izango da. Zapatuan ere ordu berean ireki eta itxiko dute karpa eta musika jartzen DJ Elortxa arituko da.

Hurrengo asteburuan ere izango da garagardo azoka, ostiralean eta zapatuan. Ostiralean, maiatzak 10, mus txapelketa egingo dute plazan muntatutako karpan, 22:00etan. Izen ematea bertan egingo dute, 20:30etik 21:30era artean. Bikoteko 40 euro ordaindu beharko da izen ematean, baina bi garagardo berezi hartzeko aukera izango da. Txapelketako bikote irabazleak 1000 euro eta txapelak jasoko dituzte, bigarren sailkatuek 500 euro eta hirugarrenek 250 euro. Laugarrenek, aldiz, bi afari jasoko dituzte. Maiatzaren 11n irekiko ditu azkeneko aldiz ateak. Orduan ere 20:00etan irekiko dute azoka, eta musika jartzeaz DJ Kanuto arduratuko da 02:00etara arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide