Xabier Euzkitze euskal kulturaz arituko da ostegunean, Elkargunean

Maxixatzen.eus 2019ko api. 29a, 09:57
Xabier Euzkitze.

Gazte Geroak antolatuta, maiatzaren 2an, osteguna, Xabier Euzkitze izango da Elkargunean. Euskal kultura izango du hizpide, gaurko eta etorkizuneko euskal kultura. 18:30ean izango da kazetariaren eta komunikatzailearen hitzaldia.

Gaur egun, pilota partidetako esataria da Euzkitze, baina ibilbide luzea du irrati, telebista eta prentsa idatzian. Besteak beste, aurkezle lanetan ibilia da 'Azken Txanpa', 'Gaur Egun', 'Sorginen Laratza', 'Kalaka', 'Bisitaria' edo 'Kontrako eztarria' saioetan. Halaber, hainbat hedabidetan idatzi ditu artikuluak.

Komunikazioari eta euskarari lotua egon da betidanik Euzkitze. Euskaltzaindiako Herri Literaturako Batzordekidea da eta urgazlea da iaztik. Donostiako Udalean Hezkuntza eta Euskara sailean lan egiten du, Miren Azkarate zinegotziaren aholkulari gisa. Ostegunean, Elkargunean izango da euskal kulturaren orainari eta etorkizunari buruz hitz egiteko.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide