Euskal presoen aldeko azken ostiraleko elkarretaratzea

Maxixatzen.eus 2019ko api. 27a, 13:00

Atzo, ostirala, preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea egin zuten herriko plazan. Denbora pasa den arren, «presoen alde lanean jarraitzea oraindik ere beharrezkoa» dela azaldu zuten. Dozenaka lagun bildu ziren kontzentrazioan.

Honako irakurketa egin zuten elkarretaratzean bildutakoek:

«Denbora igaro den arren, oraindik ere beharrezkoa da presoen alde lanean jarraitzea, dispertsioak aktibo dagoelako eta euskal preso politikoen senideek eta lagunek ondorioak jasaten jarraitzen dutelako.

Hiru hamarkada hauetan PP eta PSOE gobernuan agintzen egon dira txandaka, eta salbuespenezko espetxe politikaren inguruko gestioan bat egin dute, aktibo mantenduz. Lehenago aipatu izan dugu Pedro Sanchezek itxaropena sortu nahi izan duela, baina espetxe politikan igarritako aldaketak ez dira nahikoak izan. Gainera, azken astean egindako bi lekualdaketek agerian utzi dute haien borondate falta: Madrilgo Soto del Real espetxean zeuden bi euskal preso politiko urrundu egin dituzte.
 
Dispertsioa, oraindik ere, euskal preso politikoen kolektiboko kideei ezartzen jarraitzen zaiela baieztatzen du horrek, era sistematiko eta orokor batean. Hori guztia dela eta, lanean jarraituko dugu, urrunketaren ondorioen salaketan, eta, aldi berean, larriki gaixorik dauden presoen egoeraren salaketan.
 
Gaur egun salbuespen politikaren ardatza dira, zalantzarik gabe, sufrimendu gehien sortzen duten egoerak direlako. Txus Martin gogoratu nahi dugu bide batez, eta besarkada estu bat bidaltzen diogu gaixotasun larri bat eduki arren askatasuna ukatzen baitiote. Gainera, ebakuntza zail baten zain dago, aste honetan zuen hitzordua atzeratu egin diote.
 
Egoera anker horretan egotea gizagabea da. Preso politikoa izatea larriki gaixo egotearen gainetik jartzen dutelako, baldintza bidegabeak eta murrizketak ezarriz. Azkenik, gizartearen kontzientziari eta konpromisoari deialdia egin nahi diogu beste behin ere, guztion aktibazioaren eta lanaren bitartez sufrimendu gabeko eskenatoki bat lortzeko. Euskal Preso eta Iheslariak Etxera!»
 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide