A28 Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

8.484 azkoitiar daude igandean bozkatzera deituta

Maxixatzen.eus 2019ko api. 26a, 09:42

8.484 azkoitiarrek izango dute datorren igandean, apirilak 28, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea. Datozen lau urteetan Madrilgo Kongresuan eta Senatuan zein alderdi, eta bakoitzak zer nolako ordezkaritza izango duen erabakitzeko balioko dute igandeko hauteskundeek.

Lau hautesleku izango dira igandean. Elkargunea, Torre Zuri, Xabier Munibe Ikastola eta Aizkibel Liburutegia. 09:00etatik 20:00etara egongo dira irekita. Datorrenari begira jarri aurretik, ordea, Espainiako Gorteetarako azken hiru hauteskundeetan azkoitiarrek bozkatutakoa ekarri dugu gogora. 2011n, 2015ean eta 2016an egin ziren aipatutako hauteskundeak. 2011n Amaiur izan zen irabazlea Azkoitian, eta harrezkero egin diren bi hauteskundeetan EAJ nagusitu da.

Egin klik hauteskunde bakoitzaren gainean, eta ikusi urte bakoitzeko hauteskunde emaitzak xehetasun gehiagorekin.

2011ko hauteskundeak

Jose Luis Rodriguez Zapatero zen orduko Espainiako presidentea. 2012ko martxoan ziren ospatzekoak hauteskundeak, baina Zapaterok lau hilabete aurreratu zituen; 2011ko azaroaren 20an egin ziren. Amaiurrek irabazi zituen hauteskundeak Azkoitian. Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta Aralarrek osatutako koalizioak 2.660 boto eskuratu zituen Azkoitian. EAJ izan zen bigarren indarra 1.764 botorekin, PSOE hirugarrena 804 botorekin, PP laugarrena 432 botorekin eta Ezker Batua bosgarrena 114 botorekin. Hauteskundeak Alderdi Popularrak irabazi zituen Espainian gehiengo absolutuz, Kongresuan 186 eserleku lortuz. Mariano Rajoy izendatu zuten presidente.

2015eko hauteskundeak

2015eko abenduaren 20an ospatu ziren. Azkoitian EAJ irabazi zituen hauteskundeak, 2.113 boto eskuratuta. Bigarren indarra EH Bildu izan zen 1.471 botorekin. Ahal Dugu Podemos izan zen hirugarren indarra Azkoitian 1.101 botorekin, PSOE laugarrena 531 botorekin, PP bosgarrena 276 botorekin eta Ezker Batua seigarrena 93 botorekin. Mariano Rajoy zen orduko Espainiako presidentea eta PPk berriz ere hauteskundeak irabazi zituen Espainian, nahiz eta gehiengo soilez izan.

2016ko hauteskundeak

Gorteak automatikoki desegin ziren 2016ko maiatzaren 2an, aurreko legealdian presidentegaiek ez zutelako beharrezko babesa lortu Espainiako Gobernua eratzeko. Filipe VI.a Espainiako erregeak sinatu zuen hauteskundeetarako deialdia, Patxi Lopez Kongresuko presidentearen oniritziarekin. 2016ko ekainaren 26an egin ziren Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeak. Azkoitian EAJ izan zen garaile 2.014 botorekin. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiak izan ziren bigarren eta hirugarren alderdiak, hurrenez hurren. Koalizio abertzaleak 1.254 boto eskuratu zituen, eta Elkarrekin Podemosek bederatzi gutxiago, 1.245 boto. PSOE izan zen laugarren indarra 490 botorekin eta PP bosgarrena 272 botorekin. PPk irabazi zituen hauteskundeak Espainian gehiengo soilarekin, eta Mariano Rajoy izendatu zuten presidente. Halere, 2018ko maiatzean Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa erregistratu zuen PSOEk. Zentsura mozioa aurrera atera zen Espainiako Kongresuan mozioaren aldeko 180 botorekin, kontrako 169 botorekin eta abstentzio batekin. Ekainaren 1ean izendatu zuten presidente PSOEko Pedro Sanchez.

Hauteskunde guztien berri izan nahi? Klik egin gure plataforman.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide