Umeen danborrada, zapatuan

Maxixatzen.eus 2019ko api. 25a, 11:15

Datorren zapatuan, apirilak 27, danborrada egingo dute, oraingoa herriko neska-mutil gazteenen eskutik. Umeen danborrada 17:30ean irtengo da Balda Plazatik, eta herriko kaleak zeharkatuta eta herriko plazan geldialdia eginda, Gurea pilotalekuan amaituko dute ibilbidea.

Zapatuan egingo dute umeen danborrada Azkoitian. 17:30ean abiatuko dira Balda Plazatik Santa Klarako bidera, eta ohi bezala Trino Uria kalera hartuko dute gero, handik berriz ere Balda Plazara sartzeko. Plaza Berri zeharkatuta, herriko plazara joango dira, eta han entseguetan jo dituzten kanta guztiak eskainiko dituzte.

Umore Ona elkarteak, Udalak eta antolakuntza lanetan ibiltzen diren hainbat boluntariok lagunduta, apirilaren 1ean hasi zituzten entseguak. Hilabete inguruan aritu dira zapatuko eguna prestatzen, eta ia guztia prest dute Azkoitiko kaleetan danbor hotsa zabaltzeko. 2013. urteaz geroztik, Pazko Asteko zapatuan egin ohi da Azkoitian umeen danborrada. Antolatzaileek egun hori hautatu zuten parte hartzea hobetzeko asmoz. Antolatzaileek adierazi dute, euria egiten badu igandera atzeratuko dela umeen danborrada.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide