Malkorbide kaleak lotuko ditu aurrerantzean Txalonerreka eta San Martin auzoak

Maxixatzen.eus 2019ko api. 25a, 09:54
Txalonerrekarako bidetik San Martinerako bidea hartuko du kale berriak.

Azkoitiak kale izen berri bat izango du aurrerantzean: Malkorbide kalea. Atzo, apirilak 24, Udalaren ohiko osoko bilkuran aho batez onetsi zuten Udaleko alderdi guztiek Malkorbide kalearen izena. Jausorotik Txalonerrekarako zatia eta Txalonerrekatik San Martinera dagoen hartxintxarrezko bidea lotuko ditu Malkorbide Kale berriak, etorkizunean egingo diren etxeek «izena eduki dezaten».

Atzo, asteazkena, egin zuten apirileko Udalaren ohiko osoko bilkura. Ana Azkoitia zinegotziak eman zituen azalpenak. «Kale izen berri bat behar genuen eta batzordean adierazi genuen bezala, Txalonerrekatik hasi eta San Martinera irteten duen bideari izen bat ematea behar zen hor doazen etxeek izena eduki dezaten», hasi zen Azkoitia. Txalonerrekako etxeak Txalonerreka auzoa bezala izendatuta daudela adierazi zuen zinegotziak, eta ondorioz «beste izen bat ematea pentsatu» dutela. «Gure legealdian egin dugun lehen aldia da eta azkeneko aldiz nola egin zen begiratzera joan ginen espedientera», adierazi zuen.

«Juan Bautista Mendizabalen txosten bat» aurkitu zutela azaldu zuen Azkoitiak, eta berarekin hitz eginda izen gomendio bat egiteko eskatu ziotela. «Mendizabalek adierazi zigun toponimia izenak asko gustatzen zitzaizkiola eta bi eratu zizkigun. Batek teilarekin zerikusia zuen, jakinda San Martin aldean Tailenta etxea eta daudela. Bestea zen Malkorbide», ezagutarazi zituen. Txostenean toponimia izena agertzeak «zerikusia» duela azaldu zuen Azkoitia zinegotziak, izan ere, 2010eko Udal bilkura batean Azkoitiko toponimia onartu zen. «Malkorbide orduko hitz bat da; beraz, lehengo hitz zahar bat berreskuratuko dugu», gehitu zuen. Malkorbide 1, Malkorbide 2 eta Malkorbide 3 izango dira kaleak izango dituen zenbakiak. «Beste eremuetan egin behar diren etxeek beste aldean izango dituzte bebarruak, eta bere garaian beste kale izen batzuk asmatu beharko dira», adierazi zuen Ana Azkoitia zinegotziak. Duela urte batzuk egungo Ibaiondo kalearen izena Malkorbide zela ere jakinarazi zuen Azkoitiak bilkura amaitutakoan. Orain kokapen berria du Malkorbidek.

Txalonerreka eta San Martin auzoak lotzen dituen hartxintxarrezko bidea.

San Martin auzorako irteera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide