Aberri Eguna ospatzeko deia egin dio EH Bilduk euskal jendarteari

Maxixatzen.eus 2019ko api. 21a, 10:41
Udal Hauteskundeetarako EH Bilduko alkategaia eta zenbait hautagai IkurriƱaren plazan.

Gaur, apirilak 21, Aberri Egunaren ospakizuna dela eta, EH Bilduk mobilizazioetarako deia egiteaz gain, bere aberkide guztiekin hainbat gogoeta eta hausnarketa partekatu ditu, Ikurriñaren plazan egindako agerraldian.

Hona hemen Ainara Goenaga Udal Hauteskundeetarako EH Bilduko alkategaiak Aberri Egunaren harira irakurri duen gogoeta:

«Lehenik eta behin, adierazi nahi dugu gure irudiko Aberri Egunaren ospakizuna herritar guztiona dela. Zentzu horretan, azken urteotan ez dugu deialdi propiorik egin eta ospakizun anitz eta bateratuak egiteko saiakerak babestu ditugu. Hala nola Independentistak Sareak deituriko mobilizazioak. Tamalez, orain arte ez da lortu alderdi guztiak ez ezik herritar gehienak biltzea horrelako ospakizun batean.

Aurrera begira gure disposizioa eta konpromisoa berdina izango da. Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu Aberri Egunaren ospakizuna bateratua izan dadin. Hartara, uste osoa dugu Aberri Egunaren moldea eta ezaugarritzea berritu beharra dagoela, gaurkotu, zabaldu eta biziberritu beharra dagoela, herri gisako ospakizuna bilakatu nahi badugu.

Bigarrenik, berretsi nahi dugu EH Bai eta EH Bildurentzat gure herriaz hitz egitea Euskal Herriko lurralde osoari buruz hitz egitea dela: Araba, Bizkaia, Baxe-Nafarroa, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoako lurralde historikoak.

Hirugarrenik, Aberri Eguna hemen bizi eta lan egiten dugunon eguna dela adierazi nahi dugu. Gure aberria da, gu guztiona. Txikitatik hala sentitu dugun guztiona, bizitzaren irakaspenen ondorioz besarkatu dugun guztiona; hemendik hasi eta mundua eraldatu nahi dugulako Euskal Herria libre nahi dugun guztiona; bai eta oraindik gure herrian bizi arren Euskal Herria maitatzen hasi ez diren herritar guztiena.

Gure Aberria anitza da. Euskal Herria anitza da. Lurraldetasunaren ikuspuntutik anitza da, bere paisaiak bezalaxe. Hizkuntzaren aldetik ere anitza da. Euskara dugu gure enborra, herria egiten gaituena. Baina okzitaniera, frantsesa eta gaztelera ere aspaldidanik gure hizkuntzak ditugu. Jatorriari dagokionez ere anitzak gara, gero eta gehiago. Kulturalki zer esanik ez. Norbanako guzti horien aniztasunaz zizelkatua da gure herria. Aniztasun horretaz eginak gara eta izango gara. Zorionez, izan ere, Aberri Egunak ere aniztasun hori bera irudikatu eta ospatu behar duelakoan gaude.

 

Aberri Eguna ospakizun eguna da. Baina berpiztu eta konpromisoak hartzeko testuingururik aproposena ere bada. Lehena izan dadin anai-arreba katalanekin, galiziarrekin, kanariarrekin... erronka elektoralari heldu eta Espainiar Estatuaren inboluzio horren aurrean mobilizazio sozialarekin batera, herrigintzarekin batera, hesi instituzionala ere altxa dezagun.

 

Gure herriaren eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatzeko aniztasuna oinarri eta xede izanda, nazio estrategi baten baitan indarrak bildu eta elkarrekin aritzeko apustu sendoa berresten dugu. Hortaz deialdi bateratu bat egiten diogu euskal jendarteari Donibane Garazin eta Iruñean gure bi alderdiek konbokatzen duten 2019ko Aberri Egunera etortzeko».

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide