Eskuzkoan aurkariaren zain, gomazko paletan Mutrikuren aurka

Maxixatzen.eus 2019ko api. 17a, 08:10
Zubietan egindako aurkezpena. (Argazkia: Gipuzkoa Pilota)

Atzo, asteartea, egin zuten 2019ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako zozketa, Zubietako Araeta Sagardotegian. Eskuzkoan pilotari azkoitiarrek Amasa-Villabona eta Andoain kanporaketan gertatzen denaren zain egon beharko dute. Gomazko paletan, aldiz, Mutriku izango du aurkari Azkoitiak.

Azkoitiak ezagutu ditu Gipuzkoako Herriarteko Txapelketak lortzeko bidea zein diren. Atzo, apirilak 16, egin zituzten txapelketaren aurkezpena eta zozketak. Eskuzkoan, final zortzirenetako aurkariaren zain egon beharko dute azkoitiarrek. Amasa-Villabonak eta Andoainek maiatzeko lehen bi asteburuetan jokatuko dituzte final hamaseirenak, eta irabazleak Azkoitiaren aurka neurtu beharko ditu indarrak.

Maiatzaren 19ako asteburuan hasiko dute azkoitiarrek txapelketa, eta Gurea Pilotalekuan jokatuko dira final zortzirenetako itzulerako partidak; txapelketa etxetik kanpo hasiko dute, beraz. Final zortzirenetan aurrera eginez gero, Altzo-Oñati kanporaketako irabazlearen aurka aritu beharko dute herriko pilotariek. Eskuzko txapelketako finala ekainaren 29an jokatuko da, Donostiako Atano III.a Pilotalekuan. Azkoitia da, Donostiarekin batera, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan gehien parte hartu duen herria. Azkoitiarrek 52 aldiz parte hartu dute txapelketan. Guztira 16 txapel dituzte azkoitiarrek; inork baino gehiago. Azken txapela 2006an lortu zuen Azkoitiak, Donostiaren aurka. Tolosako Beotibar Pilotalekuan bi eta bat menderatu zituzten herritarrek donostiarrak, kadete eta gazte mailan irabazita.

Hona hemen eskuzko txapelketako koadroa:

Gomazko paletako txapelketa, berriz, maiatzaren 12an hasiko dute palista azkoitiarrek. Mutriku da Azkoitiaren final zortzirenetako aurkaria, eta herritarrek Mutrikun hasi beharko dute txapelketa. Gurea Pilotalekuan jokatuko dituzte itzulerako partidak, maiatzaren 19ko asteburuan. Kanporaketa gaindituz gero, Azpeitia-Anoeta kanporaketako irabazlearen aurka jokatu beharko dute azkoitiarrek. Gomazko paletako finala ekainaren 23an jokatuko da oraindik zehaztu gabe dagoen pilotalekuan.

Hona hemen gomazko paleta txapelketako koadroa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide