Gaur egingo dituzte Herriarteko txapelketen zozketak

Maxixatzen.eus 2019ko api. 15a, 20:00
Alex Juaristi, iaz jokatutako kanporaketa batean. (Argazkia: Maxixatzen)

Gaur, asteartea, Zubietan egingo dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren aurkezpen ekitaldia. Gero, txapelketako lehen kanporaketen zozketa egingo dute. Azkoitiak eskuzko eta gomazko paleta txapelketetan parte hartuko du.

Araeta sagardotegian (Zubieta) egingo dute ekitaldia, 19:00etan hasita. Aurtengo edizioaren hainbat xehetasun berri eman eta gero, kanporaketen zozketa egingo dute. Azkoitiak bi txapelketatan parte hartuko du: eskuzko eta gomazko paleta txapelketetan. Eskuzkoan beste 18 herrirekin batera parte hartuko dute Oteiza Pilota Kirol Elkarteko pilotariek. Gomazko paleta lehiaketan, berriz, 16 herrik eman dute izena.

2018an jokatutako eskuzko txapelketan final zortzirenetan hasi zuen lehia Azkoitiak. Donostia eta Hernani menderatuta finalerdietara sartu ziren pilotari azkoitiarrak, baina ezin izan zuten aurrera egin Ataunen aurka. Gomazko paletan, aldiz, final zortzirenetan hasi zuten lehia azkoitiarrek. Amasa-Villabona menderatu zuten, baina Hernaniren aurka tantoen aldeagatik galduta, final laurdenetan utzi zuten txapelketa.

Izena emandako herriak

2019ko txapelketen zozketa egingo dute gaur, baina txapelketen hasiera datak jakinarazi dituzte. Eskuzko txapelketa maiatzeko lehen asteburuan hasiko da, maiatzak 5. Gomazko paleta txapelketa, bestalde, maiatzaren 12ko asteburuan hasiko da.

Eskuzko txapelketan izena emandako herriak dira Aduna, Aia, Altzo, Amasa-Villabona, Andoain, Aretxabaleta, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Bergara, Bidania-Goiatz, Donostia, Hernani, Oiartzun, Oñati, Tolosa eta Zestoa.

Gomazko paleta txapelketan, berriz, honako 16 herrik eman dute izena: Aia, Andoain, Anoeta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Donostia, Elgoibar, Errenteria, Hernani, Irun, Mutriku, Soraluze, Tolosa, Usurbil eta Zumaia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide