Igoera fasea jokatuko du Añares ISBk

Maxixatzen.eus 2019ko api. 15a, 08:25
Añares ISBko entrenatzaileak eta jokalariak. (Argazkia: Iraurgi SB)

Leonen Hijolusari irabazita (63-71) lortu zuten balentria Añares ISB taldeak. Iraurgiko emakumeen talde nagusiak Kanariar Uharteetan jokatuko du igoera fasea, apirilaren 25etik 28ra.

Añares ISBk datorren denboraldian Espainiako saskibaloiaren maila gorenean aritzeko igoera fasean jokatuko du apirileko azken asteburuan. Zapatuan, LF2ko fase erregularreko azken jardunaldia jokatu zuten Azpeitiko eta Azkoitiko neskek. Leonen 63-71 irabazi zuten Hijolusa taldearen aurka —sailkapenean bigarrena zen—. Kanariar Uharteetan jokatuko den igoera faserako sailkapena lortu zuen Leonen irabazita.

Zortzi talde; mailaz igotzeko bi sailkapen

Apirilaren 25etik 28ra, zortzi talde lehiatuko dira Tenerifeko La Laguna herrian. Lauko bi multzotan banatuta, hiru partidako ligaxka jokatuko dute multzo bakoitzean. Talde bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira finalerdietara, eta irabazleek lortuko dute igoera. Campus Promete, ISE CB Almería eta azken jardunaldiko aurkaria, Hijolusa, izango dituzte aurkari multzoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide