Bizkargiko garajeetan egiten ari diren lanak azaltzeko, bilera egin dute

Maxixatzen.eus 2019ko api. 12a, 10:32
Elkarguneko Herriko Plaza aretoa, goraino. (Argazkiak: Maxixatzen)

Asteazken arratsaldean, apirilak 10, bilera egin zuten Elkargunean Bizkargi plazako garajeetan martxoaren 30ean kaltetutako bizilagunek eta garaje jabeek, garajeetako administratzaileak eta aseguru etxeko kideek.

Bilera egin zuten asteazkenean Bizkargiko sutean kaltetutako garajean egiten ari diren lanak azaltzeko. Ignacio Gurrutxaga garajeetako administratzaileak mahaia elkarbanatu zuen Miguel Angel Bastida Udaleko hirigintza zinegotziarekin, aseguru etxeko Pablo Smith, Ignacio Miquel eta Jokin Flaño arduradun teknikoekin eta Igor Isuskiza aseguru etxeak Azkoitian duen arduradun nagusiarekin.

Mahaia elkarbanatu zuten kideak, elkarrekin.

«Aseguru etxea ezbeharraren kargu egin da hasieratik, eta lanean ari dira kaltetutako instalazio guztiak ahalik eta azkarren errekuperatzeko», adierazi du Gurrutxaga administratzaileak. Asteazkenean izandako bileran, alde guztien arteko kolaborazioa nabarmendu zen, eta orain arte egindako lanen berri eman zuten, hala nola, hondakinak kentzearena eta garbiketa lanena. Adierazi zuten «emaitza onak» ari direla lortzen.

Egindakoa azalduta, egiteko dagoena azaldu zieten segidan bertaratutakoei. Garajeetan lanean ari direnen asmoa da «garajeak ahalik eta azkarren erabilgarri izatea», eta horri lotuta datozen egunetan egin eta koordinatu beharreko zereginak zein izango diren aurreratu zuten. Bileraren amaieran bizilagunen eta garajeetako arduradunen galderak eta zalantzak argitu zituzten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide