21. Korrika

Korrika txikia, bertan behera

Maxixatzen.eus 2019ko api. 11a, 12:32
2017an egindako Korrika txikia. (Argazkia: Maxixatzen)

Azkoitiko AEK Euskaltegiak eta herriko hiru ikastetxeek horrela erabakita, arratsaldean egitekoa zen Korrika txikia bertan behera utzi dute, eguraldi iragarpenagatik. Halere, 17:00etatik aurrera plazan festa egingo dute.

Korrika txikia bertan behera gelditu da. Horrela jakinarazi dute Azkoitiko AEK Euskaltegiak eta herriko hiru ikastetxeek —Floreaga Ikastetxea, Xabier Munibe Ikastola eta Bizilore Eskola Aktiboa—. 16:30ean zen ateratzekoa Korrika txikia Floreaga eta Xabier Munibe arteko errepidetik, baina eguraldia eta arratsalderako iragarpenak medio, bertan behera utzi dute.

Halere ez diote festari muzin egingo. Aurrez prestatutako ekitaldiak egingo dituzte herriko plazan, 17:00etatik aurrera. Gure Eskuko kideek prestatutako txokolatadak lagunduta, Korrikako mezua irakurriko dute lehenik. Gero, Mua Mua Dans koreografia lehiaketako talde irabazlearen dantza, bertsoak eta kantu saioa izango dira plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide