Hiru azkoitiar Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasean

Maxixatzen.eus 2019ko api. 9a, 12:00
Sailkapen fasean parte hartuko duten bertsolariak. (Argazkia: Bertsozale Elkartea)
Udazkenean hasiko da 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Aurretik, ordea, bertsolariek Gipuzkoa Bertsotan, txapelketarako sailkapen fasea, jokatu beharko dute eta hiru azkoitiar izango dira bertan: Joseba Andoni Agirre, Unai Izagirre eta Julene Iturbe.
Bi multzotan banatu dute Gipuzkoa Bertsotan txapelketarako sailkapen fasea. A multzoan arituko da Unai Izagirre Etxeberria (Azkoitia, 1995), eta B multzoan arituko dira Joseba Andoni Agirre Orbegozo (Azkoitia, 1976) eta Julene Iturbe Epelde (Azkoitia, 2001).
 

Joseba Andoni Agirre izango da sailkapen fasean arituko den lehen bertsolari azkoitiarra. Maiatzaren 5ean, 17:00etan, Orioko Kultur Etxean izango den saioan parte hartuko du Agirrek. Lehiatzen bigarrena Unai Izagirre izango da. Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean arituko da Izagirre, maiatzaren 11n, 17:00etan. Julene Iturberen txanda, berriz, maiatzaren 18an izango da. Aretxabaletako Zaraia Aretoan arituko da, 17:00etatik aurrera.

84 bertsolarik parte hartuko dute sailkapenean. Bi multzotan banatuko dira eta multzo bakoitzean zazpi saio jokatuko dira. Multzo bakoitzeko 17 bertsolarik eskuratuko dute irailean hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko txartela. 34 bertsolari horiei dagoeneko sailkatuta dauden 14 bertsolariak batuko zaizkie.

Maiatzaren 4an hasiko da sailkapen fasea, eta hamalau saioren ondoren maiatzaren 25ean amaituko da. Antolaketan hamaika lagun, hamabost gai jartzaile, hemezortzi epaile, hiru idazkari eta 84 bertsolari izango dira Gipuzkoa Bertsotan jarriko dutenak.

Honako lanak egin beharko dituzte bertsolariek:

- Binaka, gaia emanda, zortziko handian, hiruna bertso.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
- Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, bina bertso.
- Bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, bina bertso.
- Kartzelako lana: binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.

«Sailkapen fasea baino gehiago»

«Sailkapen fase bat baino gehiago» dela adierazi du Bertsozale Elkarteak Gipuzkoa Bertsotan. «Gipuzkoan bertsolaritzak bizi duen osasunaren isla da, besteak beste, bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, plazetan zein lehiaketa eta sariketetan bizi dugun emankortasunaren erakuslea», gaineratu dute.

Saioak zuzenean jarraitzeko sarreren prezioak ere ezarri ditu Bertsozale Elkarteak. Bazkideek eta gazteek —6-16 urte bitartekoak— 5 euro ordaindu beharko dute; gainerakoek 7 euro ordaindu beharko dute. Sarrerak saioaren egun berean salduko dira, aretoan bertan. Leihatila 16:00etan irekiko da, eta saio guztietan lekua mugatua da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide