Solasaldia, bertsoak eta kontzertuak V. Maiatzeko Loratan

Maxixatzen.eus 2019ko api. 8a, 11:28
Pello Reparaz (Argazkia: pelloreparaz.com)

Bosgarrenez loratuko dira Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako Maiatzeko Lorak. Euskal Telebistako 'Euskalonski' saioko kideekin solasaldia, bertsolariekin bertso saioa eta musika taldeekin kontzertuak izango dira Azkoitian maiatzean.

Aurtengo Maiatzeko Loratan solasaldia, bertso saioa eta kontzertuak izango dira. Maiatzaren 8an, 'Euskalonski' saioko Lander Garrorekin eta Pello Reparazekin solasaldia izango da. Ondoren, maiatzaren 17an, bertso saioa izango da Floreaga Ikastetxearekin elkarlanean, eta maiatzaren 31n, Matadeixerekin elkarlanean kontzertuak izango dira Matadeixen.

Egitaraua:

Maiatzaren 8an, ETB1eko 'Euskalonski' saioko Lander Garro zuzendariarekin eta Pello Reparaz aurkezle-bideratzailearekin solasaldia izango da Elkargunean, 19:00etan. Moderatzaile lanetan arituko da Ana Zubizarreta, eta webarruen jasotako herritarren galderak erantzungo dituzte bi protagonistek. Bihar, apirilak 9, irekiko du Maxixatzenek Garrori eta Reparazi galderak bidaltzeko epea.

Maiatzaren 17an, 22:00etan, Floreaga Ikastetxearekin elkarlanean antolatuta, bertso saioa izango da Floreagako On Bosco aretoan. Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak Azkoitian izango dira. Juan Inazio Sudupe arituko da gai jartzaile lanetan. Bertso saioa ikusteko sarrerak bazkideen artean banatuko ditu Maxixatzenek.

Maiatzaren 31n, Matadeixerekin elkarlanean, Pelax eta Izaki Gardenak taldeen kontzertuak izango dira, Matadeixen. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira eta zuzenean ikusteko sarreraren prezioa bost eurokoa da. Maxixatzeneko bazkideek bi euroren truke eskuratu ahalko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide