Goenatxo II.a, urte askoan izan den harri-jasotzaile harrigarrienaren biografia liburua aurkeztu dute

Maxixatzen.eus 2019ko api. 6a, 13:38

Juan Joxe Unanue 'Goenatxo II.a'-ri (Azkoitia, 1959) buruzko biografia liburua eskaini diote, eta liburu horren aurkezpena egin dute gaur eguerdian, udaletxean. Joseba Urretabizkaiak liburuaren argazkiak eta diseinua landu ditu eta Alvaro Bermejo kazetariak idatzi du liburua, 'Goenatxo II. Gehiena eta Gorena' izenburupean. Euskarazko itzulpena, berriz, Joxemi Saizarrek egin du. «Kalitateko liburua» dela azaldu dute egileek.

Pertsona eta liburu berezia izango dela esanez hasi du ekitaldia Koldo Aldalur aurkezleak. «Askotan urrutiko kirolariak fenomenoak direla esaten jarduten gara, eta etxean bertan zer daukagun ikustea kosta egiten zaigu. Azkoitiarrok harro egoteko moduan zarete, gutxienez Euskal Herriko historiak eman duen kirolari onenetako bat eta harri-jasotzaileen artean onena edo gutxienez onenen artekoa delako Juan Joxe. Eta hori ohore handi bat da», esan du Aldalurrek. 

Ondoren, Javier Zubizarreta alkateak hartu du hitza, eta «Goenatxo II.a-k bizkar gainean inoiz igoko duen harria baino bihotz handiagoa» duela azpimarratu du: «Ingurukoak zoriontsu egiten dakien gizona da Juan Joxe. Plazan, etxean eta joaten den tokian. Alai, beti dena emateko prest, eskuzabal eta apaltasun osoz, herri honi izana eta izena eman dizkio. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez esaten dugu Goenatxo II.a ez dela edozein harri-jasotzearen historian. Harro gaude azkoitiarra delako jaiotzez eta bihotzez. Kirol munduan txalotua izan da, eta gaur gizon eta herritar bezala ere txalotu nahi zaitugu. Zorionik beroenak herriaren eta Udalaren izenean hautsitako markengatik, plazako lorpenengatik, jasotako harri bakoitzarengatik eta ondorengoei bidea erakusteagatik». Biografia liburua «ondo irabazita» duela gaineratu dio Zubizarretak Unanueri. 

 Joan Joxe Unanue 'Goenatxo II.a' 18 urterekin hasi zen plazan lehiatzen eta 55 urterekin erretiratu zen. Besteka beste, Izetaren aurkako apustua eta 245 kiloko harri kubikoarekin egindako jasoaldiak oso gogoan ditu Unanuek. Gainera, 11 aldiz irabazi du Harri Handien Txapelketa eta Igeldoko harriarekin ere 12 txapel ditu jantzita. Bera aitari ikusita hasi zen harri jasotzen, eta orain berak Goenatxo III.ari bidea markatzeko aukera izan du. «Poztekoa» dela gaineratu du semea ere harri jasotzen ikustea. 

Bere marka ikusgarrienetako bat  izan da 200 kiloko harriari minutu baten 7 jasoaldi eman zizkiona. Marka hori kostako da tapatzea. Harri handietan 239ko harri kubikoa da jaso duen handiena. Eta 18ko errektangularrarekin 21 ditu jasota. «Lan handiak dira, baina jendea badator atzetik eta, agian, egunen batean norbaitek onduko ditu» azaldu du Unanuek. 

Goenatxo II.a hainbeste urtetan harri-jasotzailerik harrigarriena izan da. Unanuek poztekoa dela esan du berekin gogoratu izana jendea eta eskerrak eman dizkie guztiei. 

Ekitaldiaren amaieran bere bi semeek bertsoa abestu die aitari: 

Horrenbeste urtean 

beti plazaz plaza 

eindakoa eskertzen 

ez da erraza 

zuk betirako utzi 

duzunez lorratza 

garabi batek aina 

kilo duzu altxa 

aita a ze martxa

izan duzu gatza

pisua balantza

euki esperantza

harri-jasotzaile ta 

pertsona latza.

 

Goenatxo II.a nolako kirolaria izan den gogoratzeko liburua salgai egongo da Hizki, Lujan eta Amaitz liburu dendetan, 30 euroan. Xibarit argitaletxeak Jentilak bildumaren baitan argitaratzen duen seigarren liburua da Goenatxorena. Patxi Astibia, Arria II.ena, Miguel Mindegia, Atano X.a eta Agustin Ostolaza kirolarien biografiek osatzen zuten orain arte Jentilak bilduma, eta Azkoitiko harri-jasotzaile ohiarena zerrenda mardultzera dator. Zenbakitutako edizioa da eta 500 aletara mugatua.

Omenaldia arratsaldean

Arratsaldeko 18:00etan, berriz, herri kirol munduaren omenaldia jasoko du Goenatxo II.ak Gurea pilotalekuan. Harri-jasotzaileen eta aizkolarien arteko norgehiagoka jokatuko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide