Josu Juaristik uko egin dio EH Bilduren hautagai izateari

Maxixatzen.eus 2019ko api. 5a, 18:33
Josu Juaristi.

Josu Juaristi (Azkoitia, 1964) politikariak uko egin dio EH Bilduko Europako Parlamenturako hautagaitzari. Harreman «sentimental baten hausturaren» ondoren «jarrera ez onargarriak» eta «lekuz kanpokoak» izan dituela adierazita. EH Bilduk Juaristiren dimisioa onartu du, eta Europako parlamenturako hautagai berria izendatzeko bidea abiaraziko dutela azaldu du.

Azkoitiarrak ohar baten bidez hau jakinarazi du: «Aitortu behar dut, harremana eten ostean, besteak beste, baimenik gabe eta lekuz kanpo zeuden mezuak bidaliz jarrera ez onargarriak izan ditudala, min eginez pertsona zehatz bati». EH Bilduri erabakiaren berri ere eman diola jakinarazi du, eta koalizioari eskatu dio «egoki jotzen duen prozedura» abiarazteko.

EH Bilduk, berriz, jakinarazi du behin-behinean eten egin duela Juaristiren militantzia, eta gertaturikoa argitzeko prozedura bat martxan jarriko duela. Juaristiren dimisioa onartu, eta Europako parlamenturako hautagai berria izendatzeko bidea ere abiaraziko dute.

Juaristi joan den azaroan hautatu zuten Europako hauteskundeetarako EH Bilduko zerrendaburu. Botoen %75,61 eskuratu zituen Juaristik Europako parlamenturako hautagaia aukeratzeko EH Bilduren barne bozetan; Lorena Lopez de Lacalle zen beste hautagaia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide