EAJ alderdiak udal hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztu ditu

Maxixatzen.eus 2019ko api. 5a, 12:09
EAJ/PNV alderdiaren datorren maiatzaren 26an izango diren udal hauteskundeetarako hautagaitza.

EAJ/PNV alderdiak datorren maiatzaren 26an izango diren udal hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztu du. Aurpegi berriek eta lehendik ezagunak direnak egin dute bat Javier Zubizarreta alkategaiarekin, euren apustua berretsiz «konpromisorik gabe etorkizunik ez dagoelako».

«Herrigintza buruarekin, bihotzetik» da alderdikideek eta independenteek osaturiko taldearen leloa. «Hautagaitza osatzen dugun batzuk duela lau urte hasi genuen bidea. Legealdi honetan konfiantzan eta esperientzian irabazi dugu. Talde gisa indartu egin gara», diote. 2015ean ekindako bideari jarraipena ematea dute helburu.

Zerrenda osatzen duten hogei lagunetatik zortzi, egungo udal gobernuan zinegotzi dira: Ana Azkoitia alkateordea, Mari Jose Arregi, Imanol Arrizabalaga, Sonia Vazquez, Angel Martin, Nekane Larrañaga, Maitane Unanue eta Miguel Angel Bastida.

Hautagaitza kide hauek osatzen dute: Mertxe Zubillaga, Juan Bautista Mendizabal, Amaia Larrañaga, Mikel Zubizarreta, Pello Larrañaga, Yolanda Larrañaga, Agustin Garcia, Aroa Maldonado, Manuel Arellano, Mari Carmen Blazquez eta Jose Mari Flores.

Kudeaketa ereduaren inguruan taldeak orain arteko irizpideak babestuko dituela azaldu dute. «Kudeaketa eraginkorra, gardena eta humanoa, hain zuzen», diote.

«Politika hain dago gaizki ikusita, ez dela beti erraza pauso hau ematea. Herrigintza aldarrikatu behar dugu, udal kudeaketa, tokiko politika, zeren beti izan da eta izango da behar beharrezkoa. Norbaitek egin behar du lan pertsonok gero eta hobeto bizi ahal izateko. Hori da gure egitekoa eta talde gisa gure izatearen arrazoia. Lanera gatoz eta lan egingo dugu», diote.

Hilabeteak dira hauteskunde programaren zirriborroa lantzen hasi zirela. «Horretan gabiltza. Argi dugu azken lau urte hauetan esandakoa egin dugula. Esandakoa eta zerbait gehiago. Emandako hitza betetzen jarraitu nahi dugu», gaineratu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide