Hainbat azkoitiar Ekialde Hurbileko erromesaldian

Maxixatzen.eus 2019ko api. 4a, 18:45
Erromesaldian parte hartu duten kideak, tartean, azkoitiarrak.

Hamar eguneko erromesaldian, Ekialde Hurbileko hainbat hiri bisitatu dituzte Azkoitiko kristauek. Azkoititik 23 lagun joan dira; gehiengoa. Beste hogei bat Debatik eta Itziartik, eta gainerakoak Nafarroatik, Bizkaitik eta Kantabriatik. Azkoitia, Deba eta Itziarko parrokiek antolatu dute bidaia, agentzia baten laguntzarekin. Taldearekin batera Juan Mari Iturria frantziskotarra joan da, gidari lanak eginez.

Erromesaldiari ekiteko, Tel Aviv Israelgo hiriko aireportuan lurra hartu zuten, eta handik autobusez Nazaretera joan ziren. ‘Lur santura’ musulmanentzako, kristauentzako eta israeldarrentzako, Jesus bizi izan zen herria baita.

Bi-hiru egun egon ziren Nazareten. Handik inguruko hainbat tokitara mugitu ziren lekuak bisitatzeko: Kanaan —Biblian maiz aipatzen den Ekialde Hurbileko eskualde historikoa—, Tabor mendia —Jesus argitasunez bete zen lekua— eta Tiberiadeseko aintzira ingurua, besteak beste.

Gero Jordaniara joan ziren. Basamortutik barrena, Petrara iritsi ziren, handik Itsaso Hilera eta beste hainbat tokitara. Jordaniatik Israelera igaro ziren. Jerusalem hiriburua bisitatu zuten gero, hiru egunez. Besteak beste, Jesus jaio zen Betleem hirira eta Jesus hil zuten Golgota mendia eta bere hilobia ikusi zituzten. Jerusalemetik berriro Tel Aviv hirira joan ziren, han hegazkina hartu eta etxera itzultzeko.

Oso esperientzia ona izan dela kontatu dio Felix Azurmendi Azkoitiko parrokoak Maxixatzeni. «Fededuna izan daiteke hara joan gabe ere, nola ez, baina fededun batentzat Jesus jaio, hil eta bizi izan zen lekura joatea Jesus berarekin aurkitzea bezala da. Oso gustura ibili gara. Talde handi samarra ginen, 70 bat, baina jende ona joan da eta elkarrekin, giro onean, ederki konpondu gara. Pentsa, 93 urteko aitona bat ere joan da, eta oso ondo moldatu da».

Urtero ez dute antolatzen erromesaldia, noizean behin bakarrik, baina datorren urtean ere agian San Frantzisko jaio zen Asis herrira joango dira.

Hauek dira bidaian ateratako pare bat argazki:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide