Udalak txakurrei txipa jartzeko eskatu du, horrek dakartzan onurengatik

Maxixatzen.eus 2019ko api. 3a, 17:18
Erdian, Miguel Angel Bastida Azkoitiko zinegotzia. (Argazkia: Udala)

Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Udalek bat eginda, 'Ipintzeko garaia iritsi zaigu' lelopean, txakurren inguruko kanpaina jarri dute abian. Txakur jabeei eskatzen dietena da animaliei txipa jartzeko, horrek «onurak bakarrik» dakartzalako.

Batetik, txipa duen txakurrak kalteren bat eragiten badu, etxeko aseguruak bere gain hartzen du ardura osoa. Bestetik, txakurra galduz gero, jasotzen duenak edo Udaltzaingoak txakurra jabeari itzultzeko ez du inolako arazorik. Bestela, ordea, ezinezkoa da jakitea norena den txakurra.

Bi arrazoi horiek tarteko, txipa jartzeko eskaera luzatzen zaie jabeei. Arriskutsutzat jotzen diren txakurren kasuan, berriz, lehenengo erregistratu egin behar dira eta gero txipa jarri.

Txipa jartzeaz gain, Udalek arduraz jokatzeko eskatu dute, alegia, kalean txakurrak lotuta ibiltzeko eta gorotzak jasotzeko. Edonola ere, Miguel Angel Bastida zinegotziak adierazi du gehiengoak arduraz jokatzen duela. Azkoitian, esaterako, txipa duten 1.500 txakur inguru daude. «Gutxi gora-behera biztanleriaren %10ak dauka txakurra. Egia da kalean gorotzak ikusten direla, baina pentsa denek gaizki egingo balituzkete gauzak, zenbat gorotz agertuko litzatekeen kaleetan. Kanpaina hau erantzukizunez jokatzen ez dutenei zuzendua dago», azaldu du Bastidak.

Halaber, Bastidak eskatu du txakurra hiltzen denean albaitariari horren berri eman behar zaiola baja emateko. Modu horretan, automatikoki Udal erregistroa eguneratuko da.

Kanpainaren harira, datozen egunetan etxe guztietan esku orri bat banatuko da aipatutako oharrak aintzat hartzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide