Teklako obra berriz lizitatuko dute, eraikuntza enpresak lanekin jarraitzeari uko egin ostean

Maxixatzen.eus 2019ko api. 3a, 17:30
Teklan hasitako obrak geldirik. (Argazkia: Maxixatzen)

Teklako etxebizitzen kontratuaren ebazpen eta lizitazio prozesu berri bat hasiko dute, eraikitzekoak diren 30 etxebizitzen promozioan esku hartutako eragileek zenbait arazo hauteman ostean.

Visesa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko sozietate publikoa Floreaga auzoko Teklan egiten ari den promoziorako obra berriz lizitatuko dute. Horrela jakinarazi du ohar bitartez Visesak. Promozioan 14 etxebizitza sozial eta babes ofizialeko beste 16 etxebizitza daude. 

2018ko ekainean hasi zituzten lanak Teklan, baina «eraikuntzari eta araudiari lotutako zenbait arazo» hauteman ostean, proiektua «sakon» berrikusi behar izan dute 30 etxebizitza horien promozioan esku hartutako eragileek. Berrikuspen horretan, eraikuntza enpresak Visesari jakinarazi dio «ezin duela jarduerarekin jarraitu».

Azterketa egin ostean, proiektuan txertatu beharreko «zenbait aldaketa» identifikatu dituzte, eta hainbat eragilek aztertu ondoren ondorioztatu dute egungo obra kontratuaren «esparru ekonomikoan ezin» direla gauzatu; hala, kontratua eraikuntza enpresarekin eten egingo dute eta lizitazio berri bat abiarazi dute. Lizitazio berriak proiektuaren hasierako plangintza «aldatu» egingo duela iragarri dute. Visesak jakinarazi du «beharrezkoak diren kudeaketa guztiak» egingo dituela arrazoi horren «ondorioak ahalik eta txikienak» izan daitezen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide