40 urte lehen hauteskunde demokratikoak egin zirela

Maxixatzen.eus 2019ko api. 3a, 14:20
Azkoitiko udal bilkura aretoa.

Francoren diktaduraren ostean, gaurko egunez, apirilaren 3an, egin zituzten demokrazia garaiko lehen udal hauteskundeak, 1979. urtean. Duela 40 urte, 228 udalerrik osatzen zuten Euskal Autonomia Erkidegoa, eta Azkoitia zen herri horietako bat. 1979ko Azkoitiko Udala nola osatu zen bildu du Maxixatzenek Azkoitiko Udal Artxiboaren laguntzarekin.

1979ko apirilaren 3an egindako lehen udal hauteskunde haietara 7.588 herritar zeuden deituta; %67,26koa izan zen parte hartzea —%32,74koa abstentzioa—. EAJ nabarmendu zen guztien gainetik, 2.588 boto jaso baitzituzten jeltzaleek (botoen %50,70). Azkoitian hamar zinegotzi lortu zituen EAJk, eta Roman Sudupek 1979ko apirilaren 19an goizeko 11:00ak pasatxo zirela hartu zuen alkate kargua, Juan Ignacio Uria ordura arteko alkatearen eskutik.

Herri Batasuna (HB) izan zen bigarren alderdi bozkatuena, 645 botorekin. Euskal Herriko Karlista Alderdia (EKA) izan zen hirugarren, 601 botorekin, eta ESEIk eta EEk koalizioan osatutako Azkoitiko Herrikoi Elkartea (AHE) izan zen laugarrena, 488 botorekin. HBk, EKAk eta AHEk bina zinegotzi lortu zituzten Azkoitiko Udalean. Alderdi sozialistak 478 boto eskuratu zituen 1979an, eta zinegotzi bat izan zuen 1983ra arte. Komunistak ere aurkeztu ziren hauteskundeetara, baina ez zuten ordezkaritzarik lortu Udalean. Bi agintaldi egin zituen Roman Sudupek Azkoitiko alkate bezala, eta 1987an utzi zuen.

1979ko hauteskundeetako emaitzak:

 

 

Honako 17 zinegotzi hauek osatzen zuten udala 1979an:

Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)

1. Roman Sudupe Olaizola

2. Pedro Maria Aranbarri Arregi

3. Maria Itziar Alberdi Larrañaga

4. Raimundo Alberdi Uria

5. Jose Maria Larrañaga Zubizarreta

6. Ricardo Errazu Garate

7. Jose Maria Etxaniz Elorza

8. Elias Lete Larrañaga

9. Jose Antonio Isuskiza Zubizarreta

10. Jesus Maria Larrañaga Aldazabal

 

Herri Batasuna (HB)

11. Miguel Peña Elorza

12. Jose Maria Larreategi Zabala

 

Euskal Herriko Karlista Alderdia:

13. Jose Luis Albizuri Ibarbia

14. Jose Maria Larrañaga Lizarralde

 

Azkoitiko Herrikoi Elkartea:

15. Santiago Elorza Dierez

16. Manuel Salegi Garate

 

Alderdi sozialista (PSE-PSOE)

17. Jose Antonio Muñoz Repulles

 

 

Harrezkero, sei alkate

Roman Suduperen alkatetzaz geroztik, beste sei alkate izan ditu Azkoitiak. Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburuorde izendatu zuten Sudupe 1987an. Suduperen lekukoa hartu zuen alkatetzan Ramon Unanuek (EAJ). Bi agintaldi egin zituen zuen Unanuek, 1987tik 1995era egon baitzen alkate. Bere ondoren lehen alkate emakumea ezagutu zuen Azkoitiak. Nerea Zubizarretak hartu zuen alkate postua 1995ean, eta Zubizarretak ere bi agintaldi bat bete zituen, 2003ra arte.

Zubizarretaren ondoren Asier Aranbarrik hartu zuen kargua. Bi agintaldi egin zituen Aranbarrik, 2003tik 2007ra eta 2007tik 2011ra. EAJ izan zen 2011ra arte agintean, baina urte hartan egindako udal hauteskundeetan Bilduk lortu zuen alkatetza, Pello Bastarrikaren eskutik. Ez zuen agintaldia amaitu, osasun arazoak medio dimititu egin baitzuen 2014. urtean. Urrategi Alberdik bete zuen Bilduren agintaldiaren azken urtea, 2015era arte. Azken hauteskundeak duela lau urte egin ziren, eta EAJk berriz ere alkatetza lortu zuen; Javier Zubizarreta da Azkoitiko alkatea 2015etik. 2019ko maiatzaren 26an egingo dira datorren legealdiko udal hauteskundeak, eta herritarrek erabakiko dute Zubizarretaren agintaldia luzatzea edota demokrazia garaiko Azkoitiko zazpigarren alkatea izendatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide