Amaia Izagirre: «Bizitzen erakutsi dit lanak, garrantzia duena bereizten»

Maxixatzen.eus 2019ko api. 21a, 11:31
Amaia Izagirre ertzaina.

Amaia Izagirre Larrañaga (Azkoitia, 1962) Urola Kostako komisariako hurbiltzaileetako bat da. 22 urtez Azkoitiko ertzain etxean aritu da. Nabari zaio bere ogibidea izugarri gustatzen zaiola, eta azaldu du lehen eguneko ilusio berberarekin lan egiten duela oraindik ere. Pertsonei laguntzea du helburu, «ertzain sozial eta integratua» izanda.

Nolatan izan nahi zenuen ertzain?

Bi osaba izan nituen ertzain 1936an. Autonomiarekin berriro Ertzaintza martxan jartzean pentsatu nuen nik ere haien bideari jarraitzea. Tartean izan genuen polizia eredua ez zitzaigun ona iruditzen: guk herrikoia, geurea eta hemengoa nahi genuen, eta ideia horrekin hasi nintzen ertzain, 23 urte nituela.

Lehen erraza izaten al zen ertzain sartzea?

Emakumeentzat ez. Ertzaintza 1982an sortu zen, eta bigarrengo promoziora arte ez zegoen emakumerik. Hirugarrenean hiru neska azkoitiar sartu ziren, eta ni 1985ean, bosgarrenean. 635 ertzainetik 47 ginen emakumeak nirean; oso gutxi, beraz, proportzioan.

Nola eraman duzu emakumezko ertzaina izatea?

Hasieran oso gogorra izan zen. Lanean, gure trebetasuna gizonezkoek baino gehiago azaldu behar izaten genuen, aurreiritziak zirela eta. Tolosan, nire laneko lehenengo egunean, taldeko neska bakarra izanik, beterano batek honela esan zidan denen aurrean: «Emakumeek ez zenukete sukaldetik atera behar, horixe baita zeuen tokia». Ondoren harekin irten behar izan nuen lanera. Gaur egun ez dut uste horrelakorik esaten ausartuko denik inor, baina orduan ohikoak ziren komentario horiek. Aldatzekorik oraindik badagoen arren, berdintasuna da normalena. Gainera, lanpostu garrantzitsuetara ere ari dira iristen emakumeak.

Beldurrik sentitu al duzu inoiz lanean?

Bai, baina egoerari aurre egiten ikasten duzu. Gaur egun gizarteak beste aukera batzuk ditu denontzat, eta aprobetxatzen hasiak gara. Ilusio handia daukagu arlo gehiago lantzeko. Nik neuk hasierako ilusio berbera daukat. Gizartea denon artean eraiki behar dugu ahalik eta hoberena izan dadin, eta horretan parte hartzen saiatzen ari gara.

Zer da, zehazki, hurbiltzaile lana?

Herritarrengana hurbiltzea, ahal dugun leku gehienetara iristeko bideak irekita: erakundeekin, elkarteekin, enpresekin, dendariekin, ikastetxeekin eta abarrekin. Arazoak, beharrak edo kontsultak dituzten pertsonekin hitz egiten dugu, eta ondoren, haiek bideratu. Azkenaldian, hainbat ikastetxetan hitzaldiak ematen ari gara zenbait gairi buruz: bullyinga, Interneteko arriskuak, genero indarkeria eta abar.

 

«Ertzain izateak behar handia dutenei laguntzeko aukera eman dit, eta ahalmen hori izugarria da»

 

Asko betetzen al zaitu zure lanak?

Bai horixe. Ertzain izateak behar handia duten pertsonei laguntzeko aukera ematen dit, bestela izango ez nukeena, eta ahalmen hori izugarria da: istripuetan laguntzen dut, genero indarkeriako kasuetan, umeen hainbat egoera larritan, eraso sexualetan…

Zer behar da ertzain ona izateko?

Pertsonak eta pertsonen beharrak ondo ezagutzea; gizartea ezagutzea, zein baliabide dauden jakitea eta beharrean dagoena ondo bideratzeko gaitasuna izatea; enpatia edukitzea behar dutenekin, eta segurtasuna ematea; prestakuntza egokia jasotzea eta edukitzea, adibidez Interneti buruzkoa; azkenik, gizartearekin batera garatzea, eskatzen duen eredua izan dezan.

Zein dira zure laneko egoera zailenak?

Oro har, inori gustatzen ez zaizkionak: atxiloketak. Nahiz eta gaizkile izugarria izan, pertsona bati askatasuna kentzea gogorra da. Umeak egoera larrietan ikusteak ere izugarri ukitzen zaitu. Eta familia bati ezbehar baten berri ematea ere gogorra izaten da: oso une hunkigarriak izaten dira, eta, tamalez, azkena esan beharrekoa aurrena esaten duzu batzuetan, esan beharrekoa ondo prestatuta eduki arren. Inoiz ez zara ohitzen egoera horietara.

Eta politena?

Pertsona bati bizia salbatzea edo norbait larri dagoenean esperantzaren leihoa irekitzea. «Nire lanak merezi du», pentsatzen duzu horrelakoetan.

Zure lanak zenbateraino lagundu dizu pertsonalki?

Izugarri. Alde batetik, gogortu egiten zara hainbat egoera larri bizi izanda, eta, bestetik, sekulako sentsibilitatea sortzen zaizu. Guk, tamalez, egoera txarrak asko ikusten ditugu, eta, horren ondorioz, niri bizitzen irakatsi dit lanak: daukazuna eta benetan merezi duena baloratzen. Alegia, bizitza bizitzen erakutsi dit lanak.

 

«Gizartea denon artean eraiki behar dugu ahalik eta hoberena izan dadin»

 

Bitxikeriarik ba al duzu?

Duela urte asko, sekulako elurtea egin zuen Azkoitian, eta hainbat auzo inkomunikatuta zeuden. Abasto eman ezinda genbiltzan lanean. Ni bakarrik geratu nintzen polizia etxean, eta telefonoak kolapsatuta neuzkan. Besteak beste, baserri bateko pertsona bat ospitalera eraman behar zen, eta anbulantzia bertara iristeko bidea irekitzen ari ziren lankideak, kotxeetan palak jarrita. Arroan, ordea, ia ez zegoen elurrik, eta emakume batek deitu zidan: «Euskal Telebista ez dugu ikusten», esan zidan. Nik esan nion Ertzaintzara deitu zuela. Eta berak baietz, bazekiela erantzun zidan. Beste une batean izan balitz, antena-zale baten telefonoa-edo lortuko nion, horrelakoak ere bideratzen genituelako hasiera haietan, baina orduan ezinezkoa zen; lehentasunak nituen. Egoera azaldu arren, arazoa konpondu beharko niola esan zidan. Ezin zuen ulertu Azkoitian genuen egoera, Arroan ez baitzegoen elurrik. Biak zeuden Ertzaintzak laguntzeko premian: bat ospitalera larri eramateko, eta bestea, berriz, amorratuta telebistako kanala ikusten ez zuelako. Bakoitzak bere drama.

Gaur egun, zein dira Ertzaintzan salatzen diren arazo larrienak?

Pertsonalak; genero indarkeria, esaterako. Hala ere, bilakaerari begiratuta, mantentzen ari da azken urteetan. Baina orain gehiago salatzen da. Eraso sexualak eta borrokak dira arazoen beste zati handi bat. Gero eta zailagoa da gure bitartekotzaren bidez arazoak konpontzea, salaketa jarri arteko onik ez da izaten eta. Lapurretak ere izaten dira: etxeetan, garajeetan, ganbaretan, lokaletan, txaboletan… Hala ere, beste eskualdeekin konparatuta, elkarbizitza lasaiagoa dugu arlo horretan.

Zer egin behar da lapurreta bat gertatzen denean?

Sarraila hautsita edo mugituta ikusitakoan ez sartu, ez ukitu ezer eta deitu 112ra.

Lapurretak saihesteko gomendiorik?

Sarraila ona jarri eta beti atea itxi, nahiz eta barruan egon. Kanpora joanez gero, norbaiti esan pertsianak mugitzeko eta posta jasotzeko, esaterako. Interneten ez jarri kanpora zoazela eta argazkiak ez zintzilikatu bidaiatik itzuli arte. Profil pertsonala modu pribatuan jarri beti. Azken urteetan ikaragarri ari dira ugaritzen delitu informatikoak, hala nola iruzurrak. Lapurrak, ia erabat, diruaren, bitxien eta gailu elektronikoen bila ibiltzen dira, besteak beste.

Bestalde, adineko pertsonek tentuz ibili behar dute ezezagunak musu bat edo besarkada bat emateko gerturatzen zaizkienean, haien benetako helburua soinean daramatzaten bitxiak kentzea izaten baita.

Hala ere, Urola Kostan ez dago delinkuentzien datu esanguratsurik; oso kopuru txikia izaten da inguruko beste lurralde batzuekin alderatuta.

Apirileko Maxixatzen aldizkarian argitaratutako elkarrizketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide