Txoriek bezala hegan

Maxixatzen.eus 2019ko api. 23a, 09:20
IƱigo Berasategi parapentea zabaltzen.

Iñigo Berasategik (Azkoitia, 1986) 2009an jakin zuen hegan egitea zer den. Inguruetan jendea parapentean ibiltzen zela ikusita, «kuriositateak» eraman zuen txorien egunerokora. Probatu, gustatu, eta gaur egun zaletasuna du parapentea azkoitiarrak. Lainoen artetik zer ikusten duen eta horra iristeko bidea zein izan zen azaldu dio Berasategik Maxixatzeni.

Azkoititik Azpeitirako bidean, noiznahi ikusten dira parapente-zaleak; airean ez badira, lur hartzen. Berasategik ere paisaiari begira zetorren egun batean ikusi zituen airean ezohiko txoriak. «Kuriositatea» sortu zitzaion zerura begiratuta haiek ikustean, eta ideia hura «buruan» gelditu zitzaion. «Beste egun batean beste nonbait ikusi nituen, eta halako batean non has nintekeen begiratu nuen Interneten». Bizkai aldera egin zuen bidaia Berasategik, Urduñara zehazki; han dago parapentean ibiltzen ikasteko eskola bat. «Zelai bat dute hartua Urduñan bertako bi irakaslek», hasi da azkoitiarra. «Irakasle bat behean egoten da, eta bestea mendian», dio. «Lehen aldian Urduñan bertan ibili nintzen, 700-800 metroko desnibelean. Hegan irten, eta sekulako altueran nengoela ikusi nuen; beheko guztia txiki-txikia ikusten nuen». Soinean zuen irrati txikia ondo gogoan du azkoitiarrak: «Soinean irrati txiki bat eramaten dugu, eta irakasleak behetik esaten du zer egin momentu bakoitzean. Une hartan, irrati hura nire bizitza zen; irakasleak zer egin esaterako, nik egina nuen», oroitu du, barrez. Lurra ukitutakoan «sekulako lasaitua» hartu zuela azaldu du, baina berriz ibiltzeko gogoa egin zitzaiola. «Lehen alditik bigarrenera sekulako aldea egiten da, ohitu egiten zara».

Arriskutsua?

Berasategi ez zen lehen aldiarekin bakarrik konformatu: bigarrena, hirugarrena, eta azkenean parapente-zale bihurtu da. «Aisialdirako hartzen dut parapentea, asteburuak pasatzeko erabiltzen dut», adierazi du. Lehiaketak izaten dira, baina bera ez da hor sartzen, «lagunen arteko pikeak» nahiago baititu. Dioenez, teoria jakitea nahikoa da parapentean ibiltzeko, oraindik ez baitago ondo araututa titulu aldetik. «Gutxi jakinda joan eta proba daiteke, baina batek daki non eta nola amaituko duen». Teoriaz gain, ordea, kontuan hartu beharreko hainbat faktore kontrolatzea ere komenigarria da. «Bereziki, haizearen joera eta indarra hartu behar dira kontuan. Gehienez orduko 30 kilometroko abiadura izan behar du haizeak lurretik aireratzeko. Gainera, lur hartzen ere jakin egin behar da; igo aurretik lekua aztertzen dugu non lur har dezakegun ikusteko», azaldu du. Horrez gain, badira euren esku ez dauden arrisku faktoreak ere: droneak, helikopteroak eta hegazkinak. «Droneak kontrolatzerik ez dugu, eta helikopteroak soinua entzunda ekidin genitzake, baina hegazkinak ez», nabarmendu du. «Hegazkinak sekulako abiaduran pasatzen dira, eta ez dugu nabaritzerik; hori ekiditeko gure arauak ditugu», azaldu du Berasategik. Aireportuek jarritako hegazkinen eremuak daude, eta hor ezin dira sartu parapente-zaleak. Aparatu bat eraman ohi dute soinean, eta horrek jakinarazten die hegazkin eremuaren barruan edo kanpoan dauden.

Haren hitzetan, «lasai-lasai» abiatzen dira. «Ezagutzen ez dugun leku batera iristen bagara edota haizea kolpetik aldatzen bada urduritzen gara, baina normalean lasai ibiltzen gara», esan du, patxadaz. Esperientzia txarrik ere izan du, ordea, baina larririk ez: «Menditxo baten aurrean haizeak haizebetik jo, parapentea tolestu eta berriz irekitzea egokitu zait», kontatu du. «Jendeak ziurra ez den edo arriskutsua den ideia dauka buruan sartuta, baina, probatutakoan, desberdina dela ohartzen dira».

«Abenturak» mundu zabalean

2009an hasi zen ikasten, eta ordutik hona parapente mundua «poliki-poliki garatzen» ari dela ikusi du. «Lehen, aireratu, eta behera justu eta larri iristen ginen. Ibilbide luzeagoak egiteko aukera ematen du egungo parapenteak: hegaldi luzeagoak egin daitezke, eta segurua da, nahiz eta oraindik baduen hobetzeko», azaldu du.

Lehen esperientzia urte horretan bertan izan zuen Berasategik, irakasleekin Pirinioetara eta Alpeetara egin zuen bidaian. Astebeterako etxe bat alokatu eta elurretan gozatzera joan ziren; noski, parapentean ere egin zuten hegaldirik. «Bidaia hartan ohartu nintzen parapentean ibiltzea ez zela hegan egitea bakarrik; atzean sekulako mundua eta giro ona zeudela ikusi nuen. Beste edozertarako edota planak egiteko lagunak egin nituen».

Lehen ibilbide hartatik, ordea, bizitzan ohiko bilakatu zitzaion parapentea azkoitiarrari. Normalean asteburuan ibiltzen da, baina, hegan egiteko tentazioari ezin eutsita, astean zehar ere Izarraitzera igo ohi da. «Parapentea hartu eta Izarraitzera joan ohi naiz, eta 15:00-16:00 aldera berriz behera jaitsi». Aitortu du ez duela ibilbide luzerik egiteko joerarik: «Eulate aldetik egiten ditugu hamabost kilometroko ibilbideak, baina ez dut askoz luzeagorik egin». Hemen eta han ibili ohi dira, baina urrutira joan gabe ere ibilaldi ederrak egin daitezkeela dio. «Izarraitzetik abiatuta hegan egitea oso polita da. Esaterako, Urtezahar egunean egiten dugu hegaldia urtero. Eguraldi ona egokitu zaigu aspaldian, eta ilundu aurretik azken orduan egiten dugu hegan», adierazi du. «Argiak-eta piztuta daudela Azkoiti gainetik pasatu, eta Loiolan lurreratzen gara. Kostaldean ere ibiltzen gara, Orio inguruan. Oriotik abiatu eta Igeldora eta Donostiara joaten gara». Hamar urte dira parapentean ibiltzen hasi zela, baina baditu etorkizunerako asmoak: Pirinioetatik abiatuta, bost edo sei egunean hegan egin nahi du, eta nora ailegatzen den ikusi. Egun batzuk joan eta joan egin nahi ditut», dio. Tontor handi batetik abiatzea ere amets du Berasategik. «Mendi handiren batetik abiatuta hegan egin nahi nuke; Chamonix menditik abiatuta, Mont-Blanc mendira hegaldi politak egin daitezke, baina eguraldi ona urtean bitan izaten da», adierazi du. Lagunekin «abentura asko» egin nahi ditu Berasategik.

Inguruko erliebearen araberako garaieran ibiltzen dira hegan, 300 metrotan hasi eta Pirinioetako 1.500 metro ingurura iritsi arte. Goitik ikusten den «paisaiak eta naturak» harritu du gehienbat azkoitiarra. «Putreekin batera egiten dugu hegan. Horma baten albotik pasatzean, berriz, zuloak eta txorien habiak ikusten dira. Itsasoaren gainean hegan egitea ere ederra da». Haren ustetan, hegan egitea «bizikletan ibiltzea bezalakoa» da: «Bizikletara igotzean ez zara pentsatzen jartzen bizikletan ibili behar duzula, ez zara larritzen; ohikoa egiten da. Parapentearekin gauza bera gertatzen zait».

Oihal eta soka batzuei lotuta hegan, txoriek airean egunero ikusten dutena jasoz. Mendian zein itsasoan, Euskal Herriko eta mundu zabaleko ingurune ederrak ikusten ditu Iñigo Berasategi parapente-zaleak lainoen artetik. Proba egitea merezi duela iritzita, «ahal duten azkarrena» hasteko gomendioa eta gonbidapena egin die Berasategik probatzeko gogoz direnei.

Apirileko Maxixatzen aldizkarirako egindako erreportajea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide