Abisu horia elurragatik, eguerditik aurrera

Maxixatzen.eus 2019ko api. 3a, 08:08

Segurtasun Sailak abisu horia iragarri du elurragatik; eguerdian aktibatuko dute abisu horia. Prezipitazioa elur moduan 1000 metrotik behera egon daiteke 12:00etatik aurrera. Arratsaldean elur-kota jaitsi egingo da 600-800 metro ingurura iritsi arte. Iluntze aldera ekaitza jo dezake eta txingorra egitea ere ez da baztertzen.

Euskalmetek emandako informazioaren arabera, gaur, asteazkena, negu itxura izango du eguraldiak. Zerua oso hodeitsu egongo da eta euritara joko du denean; ipar partean, gainera, prezipitazioa ugariagoa izango da. Arratsaldetik aurrera zaparradak mardulagoak izango dira eta kantauri isurialdean zaparradekin batera txingorra bota dezake; trumoi-ekaitzak ere izan litezke. Elur-maila egunaren hasieran 1000 metro inguruan egongo da, baina egunak aurrera egin ahala jaisten joango da, batez ere arratsaldetik aurrera, 600-800 metro inguruan kokatu arte. Tenperatura asko jaitsiko da eta eguneko beroenak, oro har, 10 ºC azpitik geratuko dira. Ipar-mendebaldeko haizea zakartu egingo da.

Ostegunean beherago?

Ostegunaren lehen zatian zaparradak botako ditu ipar isurialdean; tarteka zaparradak trumoitsuak izan litezke eta uneren batean txingorra ere bota lezake. Zaparradak ez dira hegoaldera iritsiko, baina ziertzoa indartsu ibiliko da. Elur-kota 500-700 metro inguruan egongo da hasieran. Arratsaldean atertzera egingo du eta haizea hegoaldetik finkatuko denez, elur-maila 1000 metrotik gora igoko da. Egunaren amaieran fronte berri bat iritsiko da eta, mendebaldetik hasita, euritara joko du. Dena den, euri txikia izango da orokorrean. Eguneko tenperatura beroenek gora egingo dute apur bat, baina goizaldea hotza izango da eta barnealdeko hainbat txokotan izotza botako du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide