Bizkargiko sutea

60 ibilgailu inguru atera dituzte Bizkargiko garajeetatik

Maxixatzen.eus 2019ko api. 1a, 15:55
Brigadako langileak, sutea izandako garajearen aurrean. (Argazkia: Udala)

Igande arratsaldean hasi ziren Bizkargi plazako garajeetatik ibilgailuak ateratzen eta garbitzen kotxe-jabeak, brigadako langileen laguntzarekin. Kotxe-jabeen beharren eta lehentasunen arabera egin zen lan hori, eta gaur eman diote jarraipena zeregin horri. Eguerdirako 60 bat auto zeuden aterata.

Udalak azaldu du gaur arratsaldean eta biharko egunean zehar ibilgailu guztiak «ateratzeko moduan» izango direla. Bizilagunei jakinarazi zaie gaur arratsaldean 19:00ak arte eta bihar, 09:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, aukera dutela autoa garajetik ateratzeko eta garbitzeko.

Bizilagunek eta kotxe-jabeek galarazita dute euren kabuz garajeetara sartzea. Brigadako langileekin, kaskoa eta maskara jarrita, ari dira pixkanaka sartzen. Goizean brigadako hiru lagun aritu dira kotxeak garbitzen garaje irteeran, eta ondoren, Garbigune ondoko garbitegira eraman dituzte ibilgailuak. Serbitzu enpresako langileak ari dira Garbigunean garbiketa «sakonagoa» ematen.

Gaur goizean izan da peritua garajeetan eta bihar ikertzaile talde bat bertaratuko da. Bizilagunei gomendatu diete «parte ematea bai komunitateko aseguruan, bai ibilgailuaren aseguru etxean». Horretaz gain, ibilgailuei «argazkiak ateratzeko» ere eskatu dute.

Aparkalekuak, Lidl zaharrean

Bestalde, kaltetutako garajeetako jabeek lehentasuna izango dute autoa Lidl zaharra zegoen aparkalekuan uzteko. Horretarako, astearte goizetik aurrera txartel identifikagarri bat eskatu beharko dute udaletxeko harreran. Ikerketak aurrera jarraitzen du eta hipotesi guztiak daude «zabalik», nahiz eta Segurtasun Sailaren arabera hipotesi nagusiena «suizidioa» den.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide