Egoitza Kalera taldeak sinadura bilketaren «oso balorazio positiboa» egin du

Maxixatzen.eus 2019ko api. 1a, 14:00

Egoitza Kalera taldeko kideak otsailaren 23an hasi ziren sinadura bilketarekin, eta bost asteren ondoren, guztira, 3.224 sinadura dituzte esku artean. Antolatzaileak «oso pozik» daude emaitzarekin eta jasotako sinadura kopuruaren «oso balorazio positiboa» egin dute. Taldeak aurrerago jakinaraziko ditu hartuko dituen erabakiak.

3.224 sinadura lortu dituzte, San Jose Egoitza herrigunera gerturatzeko eskatuz. Taldeak bost astez jaso ditu herritarren sinadurak, kalean mahaia jarrita. Izan ere, gaur egun egoitzak duen kokapena ez zaie egokia iruditzen, «ez bertan bizi direnentzat, ez haiek bisitatzera etortzen direnentzat». Taldeak uste du «irisgarritasun» eta «integrazio» arazoak eragiten dituela. Egoitzara iristeko «aldapa handia» dago, eta «herri erditik kanpo» gelditzen da; «bertakoek herriko bizitzarekin ez dute loturarik», azaldu dute.

Aurrerantzean, taldekideek bilerak egingo dituzte, behin sinadura bilketa amaituta zer egin erabakitzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide