Bizkargiko sutea

Javier Zubizarreta: «Ertzaintza ikerketa aurreratzen ari da, eta epe motzean jakingo dugu zer gertatu den»

Maxixatzen.eus 2019ko api. 1a, 10:00
Sutea izan zen garajea. (Argazkia: Maxixatzen)

Bizkargi kaleko bizilagunak garajeetara sartu eta pixkanaka-pixkanaka autoak ateratzen hasi dira. Astea hasteko autoaren beharra zuten 27 garajetako arduradunek lehentasuna izatea adostu zuten atzo, igandea, Udalak eta kaltetutako bizilagunek egindako bileran. Hipotesi guztiak zabalik daude, baina Segurtasun Sailak baieztatu du «hipotesi nagusiena suizidioa» dela.

16:00etan izan zen bilera, eta 17:30ean garajetik lehen autoak ateratzen hasi ziren. Udaleko brigadako arduradunek eta Serbitzuk garbiketa lanak egin zituzten, lehenengo garajearen irteeran eta gero, «sakonago», Garbigunean. Datozen orduetan garajeetako gainerako arduradunak garajera sartu ahal izango dira. Kalteak handiak direlako, ezingo dira bakarka sartu; segurtasun neurriak hartuta sartu beharko dute, gainera.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, sutea garaje batean hasi zen zapatu arratsaldean, eta garaje horretan bertan erre zen autoaren barruan 57 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuen atzo, igandea, Ertzaintzak. Sutearen eta heriotzaren zergatia ikertzeko ikerketak zabalik jarraitzen du. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea Euskadi Irratian elkarrizketatu dute gaiaren inguruko azalpenak emateko.

«Konpondu ezineko gauza da; herrian inpaktu handia izan du heriotzak», adierazi du alkateak. 180 garajeetako arduradunekin elkartu zen Udala, atzo, igandea. «Lagundu dezakegun kalteen gainean egoten ahalegintzen ari gara, eta horregatik atzo bilera bat izan genuen kaltetu guztiekin udaletxeko bilkura areto nagusian», nabarmendu du. «Batzuek jakin nahi zuten ea gaur lanera joateko autoa garajetik ateratzeko aukerarik izango zuten edo ez». Euren artean «solidarioak» izan zirela azaldu du alkateak, eta 27 garaje arduradunek «lehentasuna izatea adostu» zutela esan du. Udaltzaingoarekin eta udal teknikariekin batera autoak ateratzen aritu ziren 17:30etik aurrera. «Pentsatzekoa den bezala, auto guztiak beltzak zeuden eta konbustioko elementu guztiak gainera erorita zituzten. Garajetik irtetean lehen garbiketa egin zuten brigadako eta Serbitzuko langileek, eta Garbigunean garbiketa sakonagoa egin zuten gaurko prest egoteko», azaldu du.

Gaur goizean jarraituko dute autoak garajeetatik ateratzen. «Txandak eginda» daudela jakinarazi du alkateak, eta administratzailea ere jakinaren gainean dela adierazi du. Bidez batez, aurreratu du aseguru kontuekin gaur hasiko direla. Kalteak zenbaterainokoak diren ez du azaldu Zubizarretak, perituak gaur hasiko baitira garajea ikuskatzen. Garajeko instalazio guztiek ez dutela funtzionatzen esan du. «Ez dago argirik, gas instalazioak ez du funtzionatzen, eta garaje barruko telefono instalazioak ere kiskalita daude; banaka-banaka balorazio bat egin beharko dute», azpimarratu du.

Hipotesi guztiak zabalik

Sutea zerk eragin zuen ez dago garbi, eta Zubizarreta alkateak adierazi du «hipotesi guztiak zabalik» daudela. Segurtasun Sailak, ordea, baieztatu du «hipotesi nagusiena suizidioa» dela. «Ertzaintza ikerketa aurreratzen ari da, eta epe motzean —datozen egunetan— jakingo dugu zer gertatu den». Orain momentuan sua zergatik piztu zen esateko «oinarririk ez» dagoela azaldu du. Zurrumurruak askotan errealitatetik «urruti» ibili ohi direla gaineratu, eta lanean ari direnei «lanean uzteko» eskatu du. «Badakite nola egin behar duten lana, eta gero azalduko da egia», azpimarratu du.

Zapatuko 22:15 ingurura arte luzatu zen suhiltzaileen lana garajean, baina 21:00ak inguruan begiz egindako ikuskatze batean ohartu ziren suhiltzaileak erretako autoaren barruan gorpu baten arrastoak egin zitezkeela. Gero, Ertzaintza arduratu zen kasuaz, eta igande goizean baieztatu zuten 57 urteko emakumearen heriotza.

Suhiltzaileak, forentse batek eta Ertzaintzak lagunduta, Bizkargi plazako garajean sartu ziren atzo, igandea. Tenperatura altuek eta keak eraginda igande goizera arte ez zuten autoaren ikuskatze zehatza egiterik izan. Ertzaintzako langile zientifikoek autoa ikuskatu zuten igandean, eta zapatu iluntzeko susmoa baieztatu zuten. Autoaren barruan aurkitutako 57 urteko emakumearen gorpuzkiak Donostiako Auzitegiko Medikuntzara eraman zituzten autopsia egiteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide