Datorren igandean hasiko da clown ikastaroa

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 31a, 10:10
Esther Carrizo animatzailea. (Argazkia: Uhartean)

Datorren igandean, apirilak 7, clown tailerra hasiko dute Baztartxo Antzokian. Apiriletik ekainera bitartean egingo dute ikastaroa, Esther Carrizoren eskutik. Ikastaroa euskaraz izango da, baina ez dakitenei «irekia» da.

Esther Carrizo animatzaileak euskaraz eskainiko ditu tailerrak, eta azaldu duenez, «euskara ikasten ari direnei ere irekita dago, praktikatzeko aukera ederra» dela uste baitu. «Hasteko eta sakontzeko gogoz» dauden 12 pertsonako taldea osatu beharko da gehienez. Baztartxo Antzokiko bigarren solairuan eskainiko ditu saioak apirilaren 7an, maiatzaren 26an, ekainaren 16an eta ekainaren 30ean. Lehen hiru igandeetako saioa 10:00etatik 14:00etara izango da, baina azken saioa 10:00etatik 20:00etara izango da. Zikloa amaitzeko bazkari autogestionatua egingo dute. Ikastarora arropa erosoa eta clown maskara elastiko edo sudur gorria eraman beharko da.

Izen ematea

Ziklo osorako izen ematea 200 eurokoa da. Izena ematean 80 euroko sarrera egin beharko da, eta gero, hiru hilabeteetan 40 euro ordaindu. 678 11 58 20 edo 948 63 11 62 telefono zenbakian, esther@uhartean.com helbide elektronikoan edota www.uhartean.com webgunean eman beharko da izena.

Uhartean eskola

Adierazpen eta clown-antzerki eskola ibiltaria da Uhartean. 2001. urtean Beran (Nafarroan) sortu zen, eta bertan du egoitza. Ramon Albistur eta Esther Carrizo dira eskolaren sortzaile eta zuzendariak. MugabeClown egitaraua clown-antzerkiko formazio eta sortze laneko ikastaro eta beste zenbait ekimenen eskaintza zabalduz hasi zen, 2001ean. Harrezkero, aurrera jarraitzen du hizkuntzen eta kulturen arteko topaketa eta harremana proposatzen duen egitarauak. Uhartean eskolak antzerki ikuskizunak ohikotasunez sortzen eta ekoizten ditu hainbat elkarte eta antzerki konpainiekin batera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide