Jendetza elkartu da Baztartxon 'Diego Garcia bidegilea' dokumentala ikusteko

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 29a, 20:38

Diego Garciaren inguruko dokumentala eskaini dute gaur iluntzean Baztartxon, bihar izango den maratoi erdiaren baitan. Euskal atletismoaren historiako lorpenik handiena lortu zuen Diego Garciak Martin Fizekin batera: urrezko eta zilarreko dominak irabazi zituzten 1994ko Helsinkiko Europako Atletismo txapelketan.

 

ffEIBk ekoitzita, Juanan Legorburuk eta Andoni Egañak Diego Garciaren inguruan egindako dokumentala da 'Diego Garcia bidegilea' izenburupean. Martxoaren 31n, ETB1en eskainiko dute dokumental hori 21.00etan, korrikalariaren heriotzaren 18. urteurrena beteko den egunean.

Maratoiak orain duen ospea ez zuen garaian, Diegok, Manuel anaiak lagunduta, lana utzi eta maratoiaren aldeko apustua egin zuen. Lan talde bat sortu zuen bere inguruan: Santi Perez entrenatzailea, Antton Gorrotxategi medikua eta Juan Mari Olaizola alboan izan zituen lehen momentutik, eta emaitza onak lortzen hasi zen hasiera-hasieratik.

1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoak mugarri izan ziren. Atleta ezezaguna zen garai hartan, apala eta askorentzat mugatua, baina Diegok ia inork espero ez zuen emaitza lortu zuen: bederatzigarren tokian sailkatu zen. Lorpen horrekin, arnasa luzeko hainbat korrikalariren eredu bihurtu zen eta bidea erakutsi zien ondoren etorri zirenei; Martin Fizi, besteak beste. Bidegile izan zen, beraz, Diego, eta berak eta Martin Fizek Euskal Herria munduratu zuten maratoiaren bitartez ondorengo urteetan. Euskal atletismoaren historiako lorpenik handiena lortu zuten elkarrekin: Martin Fizek eta Diego Gartziak urrezko eta zilarrezko dominak irabazi zituzten Helsinkiko Europako Atletismo Txapelketan, 1994an, orain dela 25 urte.

Halaber, Diegoren izen ona Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia abian jartzeko ezinbestekoa izan zen. Diegok Helsinkin zilarrezko domina irabazi baino bost hilabete lehenago sortu zen lasterketa.

Diego langilea zen beste ezeren gainetik, saiatua, eta lan gogorraren bitartez lortu zuen iritsi zen lekura iristea. Langilea eta mutil alaia, lagun ona, eskuzabala... Diego Garciaren kirol ibilbideaz haratago, Diego pertsonaren berri emango du dokumentalak, haren bi lagunen esanen bitartez: Andoni Egaña eta Alejandro Gomez.

Andoniren ahotsak eramango gaitu Diegoren bizitzan barrena, eta Alejandro Gomezen lekukotasunak emango digu Diego Garcia atletaren berri. Alejandroren besoetan hil zen Diego 2001eko martxoaren 31n, elkarrekin korrika zebiltzala ondoeza eginda; bihotzak huts egin zion bera hainbeste bete izan zuen bidean korrika zebilela. 39 urte zituen.

Lasterketa, bihar

Azkoitiko Julio Urkixo etorbidetik abiatuko da Diego Garciaren omenezko lasterketa, biher, zapatua. XXVI. Azkoitia Azpeitia maratoi erdia —21 km— eta VII. lasterketa motza —8,1 km— egingo dituzte Azkoitia eta Azpeitia artean. Lasterketa motzean izena emandako parte hartzaileak izango dira irteerako lerrotik abiatzen lehenak. 300 lagunek eman dute izena momentuz, eta horiek 16:15ean abiatuko dira. 16:30ean abiatuko dira nazioarteko maratoi erdiko parte hartzaileak. 720 lasterkari baino gehiago lehiatuko dira 21 kilometroko lasterketan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide