Itxuraberrituta, ireki dute Xabier Munibe kalea

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 29a, 15:14

Gaur, martxoak 29, 15:00 inguruan ireki dute Xabier Munibe kalea. Otsailaren 11n hasi zituzten berritze lanak, eta lau hilabeteko lanak aurreikusi arren, lehenago amaitu dituzte.

Kiroldegiko biribilgunetik —Gamundi etxe paretik— Elkarguneko tunel pareraino doan errepide zatiko zoladura aldatu da eta irisgarritasuna bermatzeko, errepidearen eta espaloien arteko kotak berdindu dituzte. Egurki enpresa suertatu zen esleipenduna eta berak burutu ditu obrak. Lanen aurrekontua 228.482,29 eurokoa da, BEZa barne.

Bidegorriaren bide berria

Errepideko berritasun berria da bidegorria. Errepidearen bi alboetan izango da txirrindularientzako bidea. Lanak egin aurretik autoen aparkalekuak zeuden bidearen gainean margotu dute bidegorriaren zati bat Xabier Munibe kalean. Zumarragatik Azpeitirako bidea, Ibaiondo kaletik —gasolindegiaren pareko errepidea— egin beharko dute aurrerantzean txirrindulariek, Elkarguneko tuneletik ezingo baitute pasatu. Bidegorria egin dute txirrindulariek Elkarguneko tunela «ez zeharkatzeko, eta, horrela, segurtasuna areagotzeko», adierazi dute Udaletik.

Azpeititik Zumarragarako bidea ere Xabier Munibe kalean margotu berri duten bidegorritik egin beharko da. Berritutako errepidearen eta espaloiaren artean margotu dute bidegorri berria. Xabier Munibe kaletik Ibaiondo kalera sartu beharko dute bizikleta zaleek, eta Jausoro auzunearekin lotzen den bidegorrira arte, errepidez egin beharko dute txirrindulariek bidea.

Autobusak normaltasunera

Xabier Munibe kaleko obrak tarteko, azken aste hauetan Geltoki taberna aurrean egin dute autobusek geldialdia baina, gaurtik aurrera betiko tokian, Xabier Munibe kaleko Aizkibel Liburutegi alboan, izango da. Bestalde, gogoratu zapatuan Azkoitia-Azpeitia lasterketa dela-eta hainbat autobus zerbitzutan aldaketak izango direla.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide