Itaia Euskal Herriko emakume sozialisten sareko kideen solasaldia ostegunean, Matadeixen

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 27a, 12:48

Itaia emakume sozialisten sareko kideek solasaldia eskainiko dute bihar, osteguna, Matadeixen. M8ko grebaren ondorengo hausnarketak, genero problematikak eta emakumeen langile borrokak izango dituzte hizpide, besteak beste.

Piztu taldeak antolatuta, 20:00etan hasiko da eratu berri den Itaia Euskal Herriko emakume sozialisten sareko kideen solasaldia. Besteak beste, klase perspektibatik genero problematikaz hitz egingo dute, baita emakume langileen borrokak eta Martxoaren 8ko grebaren harira egindako hausnarketak ere. Emakume langileek pairatzen dituzten zapalkuntzak nahiz sistema kapitalistan errotutako harreman ereduak ere jorratuko dituzte osteguneko solasaldian.

Itaiaren jarduna da Euskal Herriko garapen politikoarekiko zein mundu mailan ematen diren gertakariekiko duten «ulerkera plazaratzea». «Emakume langileok askapen prozesu eraginkor bat martxan jartzeko kontuan eduki beharreko auzien inguruko eztabaida sortzea da Itaiaren asmoa», adierazi dute.  Militanteengan, gainera «hausnarketa» sustatu nahi dute, besteak beste, subjektu politikoaren inguruan, eratu beharreko aliantzen inguruan, eman beharreko pausoen inguruan eta jarraitu beharreko estrategiaren inguruan. Aipatu askapen prozesua martxan jartzeko, «langile klaseko emakumeok bizitzen dugun esplotazio forma zehatza identifikatzea, ezagutzea, eta berau gainditzea» ahalbidetuko duen jarduna sustatu nahi dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide