Eman daiteke izena V. Pelotai Euneko pilota txapelketan

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 27a, 12:30
Iazko txapelketako finalistak. (Argazkia: Maxixatzen)

Ekainaren 8an ospatuko du Azkoitiko herriak V. Pelotai Eune, baina eman daiteke izena aurrez jokatzen den pilota txapelketan. Binaka jokatuko da aurten ere txapelketa, eta izen ematea zabalik egongo da gaurtik apirilaren 29ra arte.

Bosgarren edizioa izango du Pelotai Eunek. «Aurreko urteetan izan dugun erantzuna» ikusita, aurten ere nesken zein mutilen txapelketa antolatuko dituzte Pelotai Euneko antolatzaileek. Gaur, martxoak 27, ireki dute izen ematea, eta apirilaren 29ra arte luzatuko da. Tta-kun eta Dean tabernetan jarriko dute izena emateko zerrenda. «Txapelketa polit eta herrikoia izateko, jendearen parte hartzea garrantzitsua» dela nabarmendu dute.

Aurtengo berrikuntza

Iaz jokatu zen lehen aldiz nesken txapelketa, eta izan zuen «arrakasta» ikusita, aurten ere jokatuko dute. Aurten, ordea, berrikuntza batekin datoz. Nesken pilota bultzatu nahi duen neska talde batek «txapelketarako martxa hartzen joateko» lan saioak egingo dituzte astelehenero 19:00etan, Kontzejupean.

2015. urtean antolatu zuten lehenengoz Pelotai Eune, «herrian horren sustraituta» egon den kirolari «bultzada» emateko asmoz. Pelotai Euneko antolatzaileen ametsa da Pelotai Eune «herrian egun garrantzitsua» izatea, «herritarrek parte hartzen duten festa» izatea eta «neska-mutilak pilotari jantzita» ikustea. «Uste dugu pilotari janzteak eman diezaiokeela festari behar duen kolorea», azaldu zuten antolatzaileek 2016an egindako elkarrizketa batean. Ordutik «buru-belarri» ari dira lanean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide