Iritsi da Altzibar eta Jausoro auzoak lotuko dituen zubia

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 26a, 18:08
Pasabidea osatuko duten zatiak, Altzibarren.

Jausoro eta Altzibar auzoak lotuko dituen pasabide berria gaur arratsaldean ekarri dute Azkoitira. Goizean Pasaiara ontziz ekarri dute, eta gero, kamioiz, ibilgailu berezi batean garraiatu dute Azkoitira. Zubia bere lekuan ipintzeko lanek astebete inguru iraungo dute.

Altzibar auzoan Elosukorta parean jarri dituzte zubia osatuko duten piezak, han izango baitu pasabideak alde bat. Behin zubia eraikitakoan, Jausoro auzoan Txuri Urdin elkartearen parean geldituko da pasabidearen beste aldea. Egurrezko aurrefabrikatutako zubia da bi auzoak elkartzen dituena. 26 metro luze ditu eta lau metro zabal. Oinezkoentzako zein txirrindularientzako errail bana du pasabide berriak, eta horrela, Altzibarko eta Jausoroko bidegorriak lotuko ditu. Lanen kostua 174.600 euro ingurukoa izan da, eta Urbycolan enpresa arduratu da lanekin.

Irudian, arratsaldean Altzibarrera iritsi den unea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide