Floreaga ikastetxeko ikasleek udaletxea bisitatu dute

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 26a, 17:02
Ikasleak alkatearen bulegoan.

Floreaga Salestar Ikastetxeko LH3ko neska-mutilak bisitan izan dira gaur udaletxean. Udalbatza aretoa, udaletxeko sailak eta alkatearen bulegoa ezagutu dituzte gaztetxoek. Azken bulego horretan, hormetako irudiak eta sabaiko Azkoitiko armarria ikusi ostean, poltsikoak goxokiz bete dituzte.

Javier Zubizarreta alkateak eta Hezkuntza zinegotzi Marijose Arregik egin diete harrera, Udalaren zereginak eta sailak aurkeztuz: Udaletxean herritarrek aukeratutako udal ordezkariek eta teknikariek lan egiten dutela, Udal Osoaren Bilkura noiz egiten den,  sail bakoitzaren ardurak zeintzuk diren eta abar azaldu diete. «Edonola ere —esan die alkateak— herri hau denon artean atera behar dugu aurrera. Gu horretarako aukeratu gaituzte baina denok dugu ardura. Azkoitiak 11.636 biztanle ditu. 11.636 piezako puzzlea da. Denok egin beharrekoa egiten badugu, puzzle dotorea osatuko dugu eta bestela, hutsunea geratuko da».

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide