Jauregi baserriko oilaskoen ustiapenaren arazoa

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 22a, 12:30
Pello Eizagirre, Jauregi baserriko bizilaguna, Altuna y Uriaren proiektuaren lurretan.

Jauregi baserria kexu da Altuna y Uria enpresak bere baserri ondoan duen lur eremua dela eta. Jauregik baserriko oilaskoak ustiatzen ditu orain dela hamazazpi urtetik, eta baserritik 20-25 metrora dago enpresaren lur eremu hori. Lurra egokitzeko, hainbat makina ari dira lanean, eta «zarata handia» ateratzen dute, oilaskoen kalterako. Oilaskoen ustiapena da Jauregi baserriaren jabeen ogibidea, hortik bizi dira, eta, orain, ilun ikusten dute etorkizuna.

2002an hasi zen Jauregi oilaskoak ustiatzen, eta, handik hamar urtera, Altuna y Uriak lurra betetzeko lanei ekin zien. Garai hartan, ustiapena martxan jartzeko lizentzia atera zuen Jauregik. Udalak eskatu zien 500 metroko tartea gorde behar zutela ustiategitik edozein aktibitate edo industriagunetara. Basarteko industrialdea zuten orduan ia 500 metrora, eta, horrenbestez, lizentzia eman zieten Nerea Zubizarreta alkate zegoela.

Horregatik, Jauregik ez du ulertzen beraiei 500 metroko distantzia eskatu izana eta Altuna y Uriari neurri bera aplikatzeko eskatu ez izana lur zati hori betetzeko baimena eskatu zuenean: «Guri edozein aktibitate edo industriagunetatik 500 metro gordetzeko eskatzen ziguten; zergatik ez diete besteei ere muga bera jartzen? Lege hori batzuentzat bakarrik al da? Altuna y Uriari baimena eman ziotenean Asier Aranbarri zegoen alkate, eta baimen guztiak dituzte. Zergatik ez zuten kontuan izan alboan zegoen hegazti ustiategia?».

Altuna y Uriakoek epe motzera bi esplanada egingo dituzte lur eremu horretan, eta Jauregik ez daki etorkizunean zer eraikiko duten. Bost urterako hasi zen enpresa lan horietan, eta dagoeneko pasatu dira. Epe hori luza daiteke, ordea, eta ez jakin noiz bukatuko duten. Oraindik, behintzat, lanekin jarraitzen dute.

Jauregik, baserriko oilaskoak hazteko, 10.000 metroko lur eremua du baserriaren inguruko zelaietan; bi metroko oilasko bat izatea eskatzen du legeak. «Oilaskoak lasaitasuna behar du, eta legeak ere horrela eskatzen du. Horregatik, baserri ondoan dauden lanek zuzenean eragiten digute. Hasieran gure lurretatik urrunago hasi ziren lanekin, baina orain gero eta gehiago ari dira gerturatzen, eta gure oilaskoei gero eta gehiago eragiten die horrek. Orduero dabiltza orain zarata ateratzen, etengabe. Sekulako burrunda ateratzen dute kamioi handi horiek. 50 kamioi etorri izan dira egun batzuetan. Gainera, kasetarik ere ez dute, eta berez izan beharko lukete, kamioien sartu-irtena kontrolatzeko. Bestalde, irregulartasun handiak izan dira lur horietan: urte hauetan guztietan lurra betetzeko lanetan ari dira, eta obretako hainbat ‘material ilegal’ ere bota izan dute askotan. Halaber, behin Maxixatzeneko erabiltzaile batek kexa jarri zuen baserritar batek material desegokia bota zuelako mendian lurra gogortzeko, baina gure ondoko lur horietan kamioikadak bota izan dira ilegal, eta horrek amorrua ematen dit. Batzuek bota ezin badute, inork ezin du bota. Boteretsuek edozer egin dezaketela ematen du», azaldu dute Jauregiren jabeek.

Altuna y Uria enpresaren lanen lur eremua.

«Guk hazten dugun oilaskoa oso lasaia da izatez. Azkenaldian, ordea, janaria ematera txabolara sartzen garenean sekulako estresa nabaritzen diegu. Gainera, zaratarekin beldurtzen direnean bazterretan pilatzen dira, eta itotzeko arriskua egoten da. Esaterako, butano-zalea etortzen zenean, bozina jotzen zuen, eta hari ere ez jotzeko esanda gaude horregatik», gaineratu dute.

1.300 oilasko daude lehen txabolan, eta, diotenez, %80k belardian egon beharko lukete eguneko zenbait garaitan. Orain bestelako argazki bat dute: «Ia zelai osoak oilaskoz beteta egon beharko luke, lehen egoten zen bezala. Baserriko oilaskoak zelaian ibili behar du. Eta gure oilaskoen lehen txabolatik 20 metrora dago makroproiektu hori. Oilasko helduak ditugu orain, eta begi bistakoa da haien estresa. Txabola barruan sartzen dira, eta ez dira larrera irten ere egiten; hemen dagoen zaratarekin eta iskanbilarekin, normala. Sekulako dinbi-danbak egoten dira; oilaskoak beldurtzen dizkigute, eta haien ongizateari kalte egin. Arazo potoloa daukagu».

Jauregiko oilaskoak Altuna y Uriaren lanak hasi aurretik larrean 'lasai'.

Jauregiko oilaskoak Altuna y Uriaren lanak hasi ondoren larrean 'estresatuta'.

Jauregi baserriaren jabeen asmoa da azkoitiarrei beren egoera zein den jakinaraztea. «Bide honetan, ustiategi bat ixtera doa, eta horren berri eman nahi diegu herritarrei. Gainera, gurea ez da lau oilaskoren kontua: 3.900 oilasko hazten ditugu hiru txabolatan banatuta. Gu hemendik bizi gara, eta oilaskoak topera estresatuta daude. Halaber, oilaskoen egoera hori baieztatu digu albaitariak», dio.

Azkoitian 300 bat baserri egongo dira, eta horietatik hogei bat biziko dira baserritik bertatik; horietako bat Jauregi da. Eta, egungo egoerarekin, zalantzan dago haien etorkizuna.

Maxixatzen harremanetan jarri da Altuna y Uria enpresarekin, baina ez du hitz egin nahi izan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide