Osasun tramiteak online egiteko deia egin die Osakidetzak herritarrei

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 21a, 17:06
Azkoitiko osasun etxea.

Azkoitiko osasun etxeak herritarrak animatu nahi ditu Osakidetzaren webgunetik ordua hartzera eta osasun karpetak eskatzera. Modu horretan, pazienteak hainbat abantaila izango ditu bere osasun egoeraren jarraipena egiteko. Bestalde, ikastaro bat eskainiko du KZguneak online bidezko izapide horiek egiten ikasteko.

Online bidezko tramiteak osakidetzan’ ikastaroa antolatu du Azkoitiko KZguneak. Elkarguneko lehen solairuan eskainiko dira saioak, maiatzaren 9an eta 10ean, 18:00etatik 20:00etara. Ikastaroan izena emateko aukera hauek daude: KZgunean, Osasun Zentroan edo 943 023 619 telefono zenbakian. 

Osasun karpetak, osasuna kudeatzen laguntzeko

Historia kliniko guztia karpeta elektroniko bakar batean ikusteko aukera izango da. Osakidetzaren atarian dago eskuragarri, sakelako telefonoaren, tabletaren edo ordenagailuaren bidez. Identifikatu sarbide gakoekin, eta ez dituenak osasun zentroan eskura ditzake. Modu horretan, edozein tokitatik, asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 orduetan, honako hauek egiteko aukera izango da:

  • Mediku txostenak ikusi eta deskargatu: ospitaleratzea, erradiologia, analisiak, zitologia…
  • Sendagaien Tratamendu Aktiboaren Orrian sartu.
  • Ebakuntza kirurgiko baterako itxarote zerrenda kontsultatu.
  • Historia klinikoan informazio gehigarria erantsi.
  • Hurrengo hitzorduak eskatu eta gogoratu.
  • Medikuak edo erizainak eskuetan izango duten Osasun Egunerokoa sortu.
  • Medikuari zalantzak bidali.
  • Osasun profesionalen mezuak jaso.
  • Adin txikikoak diren seme-alaben historia klinikoa ikusi.
  • Beste batzuen historia klinikoa ikusi, haiek horretarako baimena ematen dutenean.
  • Hizkuntza hautatu: euskara edo gaztelania.
  • Datu pertsonalak aldatu edo eguneratu: telefonoa, helbide elektronikoa…
  • Osasunarekin lotutako askoz ere izapide gehiago.

Orain, arreta lehentasunez pertsonen artekoa izango da. Osakidetzako profesionalek osasun zentroa zabalik dagoen orduetan eskainiko dute arreta. Herritarrak erabakitzen du zein harreman mota nahi duen:

-Pertsonen artekoa: zure osasun zentrora deituta. Telefonoa zure osasun txartel indibidualaren atzealdean dago.

-Osakidetzako webgunea erabiltzea.

-Modu automatizatua, telefono honetara deituta: 900 203 020

-Mugikorra erabiltzea: Osakidetzako aplikazioa deskargatuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide