Txapeldunen historiak bilduko dituen lasterketa aurkeztu dute

Maxixatzen.eus 2019ko mar. 20a, 15:14
Ordezkari guztiak elkarrekin, Elkargunean. (Argazkia: Maxixatzen)

XXVI. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren aurkezpena egin dute, gaur, Elkargunean. Bertan izan dira lasterketaren antolatzaileak, babesleak, eta udal ordezkariak. Martxoaren 30ean izango da Azkoitia eta Azpeitia lotuko dituen proba ezaguna, aurten txapeldunen historiak biltzeko asmoz.

Azkoitiko Julio Urkixo etorbidetik abiatuko da Diego Garciaren omenezko lasterketa, martxoaren 30ean. XXVI. Azkoitia Azpeitia maratoi erdia —21 km— eta VII. lasterketa motza —8,1 km— egingo dituzte Azkoitia eta Azpeitia artean. Lasterketa motzean izena emandako parte hartzaileak izango dira irteerako lerrotik abiatzen lehenak. 16:15ean irtengo da ibilbide laburreko lasterketa. 16:30ean abiatuko dira nazioarteko maratoi erdiko parte hartzaileak.

Babesleak eta erakundeak lasterketako antolatzaileekin elkartu dira gaur, Elkargunean. Gaursa babesleko Asier Valier, BBVAko Alex Fariñas, Azpeitiko Udaleko Estitxu Elduaien zinegotzia eta Azkoitiko Udaleko Angel Martin kirol zinegotzia alboan izan ditu Agustin Jimenez lasterketako arduradunak.

«Txapeldun historiak lema aurkeztu genuen, eta txapeldunak ez dira irabazleak soilik. Lasterkari herrikoiak ere txapeldunak dira, eta bakoitzak bere arazoak albo batera utzita esfortzu handi bat egiten du horrelako proba batean parte hartzeko; ondo prestatuta irten behar da», adierazi du arduradunak. «Meritua» korrika egiten duten guztiek dutela azaldu du, eta lasterketan parte hartzeak probaren «ikusgarritasuna eta giroa hobetu» egiten dituela azpimarratu du.

Maratoi erdian parte hartuko duten lasterkarien izenak ere eman ditu Jimenezek. «Zerrenda ez dago itxita, baina zailtasun handiena goi mailako emakumeen parte hartzean dugu. Lasterketa asko daude, eliteko emakume gutxi, eta lasterketa onek askoz gehiago ordaintzen dute», azaldu du. «Elite mailako korrikalari askorentzat erakusleiho ezin hobea da Azkoitia-Azpeitia proba, IAAF —International Association of Athletics Federations— maila lortzeko aukera dutelako», adierazi du Agustin Jimenezek. «Gurean goi mailako denbora lortzen badute, euren kirol maila ikaragarri igotzen da», jarraitu du. Atleta gazte askoren presentzia izango dela azaldu du.

Lasterketaren Azkoitiko ibilbidea. (Argazkia: Azkoitia-Azpeitia)

Jarraian zerrendako lehen izenak aipatu ditu arduradunak. Gizonezkoen mailan, Azkoitia-Azpeitia proba bi aldiz irabazi duen Emmanuel Bett Azkoitiko irteera lerroan izango da, Kiprono Menjo, William Malel Sitonik eta Silas Laikon Naibei keniarrekin batera. Abera Kuma, Mamillo Nuguse eta Bayelign Teshager Yegzaw etiopiarrak, Timothy Toroitich ugandarra, Djibutiko Djamal Abhi Diriet eta Iraitz Arrospide Garro euskalduna dira beste izen esanguratsuak.

Emakumezkoen mailan, «aurrez azaldutako arazoagatik», hiru emakume izango dira Azkoitiko irteeran. Birham Mihretu etiopiarra errekorra hausteko asmoz etorriko da. Horiez gain, Irene Kimais keniarrak eta Fitaw Zeray Bezabh etiopiarrak ere parte hartuko dute. Halere, aldaketak izatea «posible» dela jakinarazi du Jimenezek.

«Erakundeek ezinbesteko laguntza ematen dute proba dena izateko, eta izan dena egin ahal izateko», hasi da Agustin Jimenez. «Bi herri txiki gara, baina Europan lehen mailako lasterketa egiten dugu», adierazi du. «Ez da lasterketa herrikoia, baina apartekoa da lasterkari herrikoiek eliteko lasterkariekin korrika egiteko», gehitu du Jimenezek.

Angel Martin Azkoitiko zinegotzia izan da segidan hitz egiten lehena. «Hainbeste urte iraun badu, urtez urte indartuz gainera, gauzak txukun eta ondo egin dituzuelako da», azaldu du Martinek. «Horrelako maila duen lasterketa bat kirola baino gehiago da. Herrira jendetza ekartzen du, horrek suposatzen duen guztiarekin, bertako tabernentzat, dendentzat eta kaleko giroarentzat», jarraitu du zinegotziak. «Eskerrak» eman dizkie antolatzaileei, lasterketa aurrera ateratzea posible egiten duten guztiei, eta parte harten boluntarioei, «horiek gabe ez litzatekeelako posible izango egitea». Gizon-emakumeei lasterketan parte hartzeko gonbitea luzatu die, azkenik, Martinek.

Estitxu Elduaien Azpeitiko zinegotziak hitz egin du gero. «Balore asko nabarmentzen dituen lasterketa bat da. Gaur egun kirola baloreekin lotzea garrantzitsua da, alde batetik herria mapan jartzen duelako, eta bestetik, kirolaren bi alderdi garrantzitsu uztartzen dituelako», esan du azpeitiarrak. «Diegok zuen ametsarekin bat eginez, elitea eta herrikoia batzen ditu», azpimarratu du.

Elduaienek nabarmendu du egin du berdintasun arlotik egiten ari den «aurrerapausoa». «Maratoi erdiaz gain lasterketa txikia ere egiten da, eta aipatzekoa da zenbat emakumek parte hartzen duen. Jauzi bat da, emakumea kirolera gerturatzeko eta berdintasun esparruan aukera berdinak izateko», azaldu du Elduaienek.

Izen emate epea irekita

Izena emateko epeak irekita jarraitzen du. Martxoaren 22ra arte, federatuek 24 euro ordaindu beharko dute maratoi erdian irteteko; federatu gabeek, aldiz, 27 euro ordaindu beharko dute. Lasterketa motzean irten nahi dutenek, bestalde, 15 euro ordaindu beharko dute. Martxoaren 28an itxiko da izen emate epea, eta martxoaren 22tik 28ra bitartean prezioak igo egingo dituzte. Bitarte horretan izena ematen duten federatuek 29 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabeek 32 euro. Lasterketa motzean irten nahi dutenentzako prezioa, berriz, 20 euro izango da.

Izena Rock the Sport webgunean edota Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan, Azpeitiko Euskadi Sport dendan eta Donostiako Robers Kirolak dendan eman ahalko da. Antolakuntzak adierazi duenez, Interneteko kuotak eta dendetakoak berdinak izango dira.

Dortsalak kamisetarekin eta lasterketako zorroarekin batera banatuko dituzte lasterketaren egunean. Julio Urkixo etorbidean egingo dute banaketa, 12:00etatik 16:00etara bitartean. Izena ematean dortsala dendetan jasotzea aukeratu zutene bihartik aurrera, martxoak 21, jaso ahal izango dituzte dortsalak. Aurten, gainera, buruko zinta zuri bat ere banatuko dute, Diego Garciaren «bereizgarri» bezala.

Maratoi erdian 900 lasterkari inguruk eman dute izena; horietatik 750 dira gizonezkoak eta 130 emakumeak. Lasterketa motzean, berriz, 200 inguru dira izena emandakoak; 102 gizonezkok eta 98 emakumek eman dute izena oraingoz. Antolakuntzak emandako datuen arabera, 135 partehartzaile dira lasterketa motzean izena emandako gipuzkoarrak. Iaz, 1.082 lasterkarik eman zuten izena bi probetan.

Hainbat ekintza datozen egunetan

XXVI. Azkoitia Azpeitia maratoi erdia proba ez da lasterketarekin hasiko. Aurrez, hainbat jarduera antolatu dituzte Azkoitian eta Azpeitian. Azpeitian egingo dira lehenak, eta Azkoitian ondorengoak. Martxoaren 25ean, argazki erakusketa egingo dute Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean. Azpeitiko Argazki Elkarteak, Felix Sanchezek, Alberto Belokik, Marcos Cabrerak eta Iñigo Morentinek utzitako argazkiak erakutsiko dituzte. Horrez gain, aurreko edizioetako aldizkari erreportajeak digitalizatu dituzte eta horiek ere erakutsiko dituzte.

Proban parte hartuko duten atletekin ere solasaldiak egingo dituzte. Azkoitian Elkargunean bilduko dira. Martxoaren 29an, 11:00etan, Diego Garcia gehiago ezagutzeko eta atletekin solasteko hitzaldia egingo dute probako atletek 6. mailako ikasleekin.

Aurten Diego Garcia korrikalariaren inguruko ikus-entzunezko bat ere eskainiko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, iaztik zuen asmoa Euskal Telebistak Diego Garciaren inguruko dokumentala egiteko, eta aurten bere kabuz ekoitzi du, 'Diego Garcia bidegilea' izenburuarekin. Martxoaren 29an, Baztartxo Antzokian egingo dute estreinaldia, 20:00etan. Sarrera doan izango da, eta ETB1ek martxoaren 31an, igandea, eskainiko du, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioaren aurretik.

Aurten, gainera, lehen aldiz, ADELA —Asociación Gipuzcoana de Esclerosis Lateral Amiotrófica— elkartearekin kolaboratuko du Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak. 0 dortsala emango dio antolakuntzak elkarteari, eta lagundu nahi duenak diru sarrera egiteko aukera ere izango du. Halaber, Korrika 21. petoarekin helmuga zeharkatzen duen lehenak Mikel Uria jatetxean bi lagunentzako bazkaria irabaziko du. Petoak Azkoitiko AEKn, martxoaren 22an kalean jarriko duten postuan eta martxoaren 30ean irteera gunean egongo dira salgai.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide