Martxoak 8

Aldaketa loratzen

Aldaketa loratzen

Gaur astebete burutu zen M8ko greba feminista, eta zaintza lanetan jarri zenez fokua, mendekotasuna duten pertsonak zaintzen aritzen diren sei adibide jaso ditu Maxixatzenek martxoko aldizkarian. Horietako lau emakumezkoak dira, eta bi gizonezkoak. Izan ere, lan horretan emakumeak dira protagonista, eta, zaintza lana partekatu beharra aldarrikatzeko, herriko bi gizonen praktika on eta eredugarriak ere erakutsi nahi izan dira.

 

«Lehen, ohitura zegoen kontraturik gabe lan egiteko, eta geuk ere hala onartzen genuen, baina gaizki egiten genuen»

M. I. L. emakumeak (Azkoitia, 1962) mendekotasuna duen adineko gizon bat zaintzen du gaur egun.

Egunero zortzi ordu jarduteko lan hitzarmena du, eta lanean baloratuta sentitzen dela dio. «Oro har, zaintzaileok lehen baino baldintza hobeagoetan gaudela iruditzen zait. Hori bai, beharraren arabera egiten digute kontratua. Ni neu pixkanaka joan naiz orduak igotzen. Hori dela eta, oso lan irregularra da, gaixotasun denak ez direlako berdinak. Zortzi orduko lana tokatzea da ideala, eta ni orain gustura nago». Beste adineko batzuk zaintzen lan egin izan du hogei urtean. Etorkizuneko pentsioak asko kezkatzen duela dio. «Hogei urtean ez naiz aritu beti kontratuarekin. Lehen ez genuen hori eskatzen, eta orain bai. Gizona lanik gabe geratuz gero edo nik min hartuko banu, adibidez, zeron geratzen gara. Orduan, Gizarte Segurantzan altan egotea behar nuela konturatu nintzen. Ohitura zegoen kontraturik gabe lan egiteko, eta geuk ere hala onartzen genuen, baina gaizki egiten genuen; beharrezkoa da».


«Ondo baloratutako lana da niretzat, hemen irabazten dudana ezingo nukeelako nire herrialdean irabazi»

H. C. B. (Nikaragua, 1989) iaz etorri zen Azkoitira bizitzera, eta mendekotasuna duen adineko emakume bat zaintzen lan egiten du.

Paperik gabe dago, eta, beraz, kontraturik gabe ari da zaintzaile lanetan. Paperak lortzeko, guztira hiru urte pasatu behar ditu lanean. Lau orduz zaintzen du adineko emakumea egunero, eta asteburuan beste adineko batzuk zaintzen ditu. «Haurrak ditut, eta, haien zaintzaren ardura ere badudan arren, ordu gehiago lan egin nahiko nuke diru gehiago irabazteko, baina oso zaila da paperik gabe lana bilatzea. Zortea izan dut nik orain arte. Ondo baloratutako lana da niretzat, hemen irabazten dudana ezingo nukeelako nire herrialdean irabazi. Baina oso lan irregularra da: zurekin gustura ez daudelako edo zaintzen ari zarena hil delako, edozein unetan gera zaitezke lanik gabe. Gainera, atzerritarra izanda gehiago kostatzen da lana bilatzea; irabazi egin behar da konfiantza pixkanaka, eta gehiago eman eta erakutsi behar dut».


«Zortzi orduko lana ere ez da izaten askotan, eta, beraz, zaila da asko kotizatzea»

Rebeca Calderon Zabaleta (Azkoitia, 1974) etxeko zaintza lanetan aritzen da.

Lau orduko kontratuarekin aritzen da gaur egun lanean, mendekotasuna duen pertsona bat zaintzen. Horrez gain, astean hiru egunetan, hiru orduz, beste etxe batera joaten da, eta beste bi egunetan beste etxe batera. Eskaintzen duten horretara moldatu behar izaten duela dio. Zaintzeaz gain, janaria prestatu eta etxea garbitzen die. Garabia erabili behar bada ere erabiltzen du, eta masajeak ere ematen dizkie.

Hasierako urteetan kontratu gabe ibili zen zaintza lanetan, eta gerora hasi zen kontratuarekin. Izan ere, kontratuaren bidez, eskatzaileak diru laguntza jasotzeko aukera du, betiere dependentzia mailaren eta diru sarreren araberakoa. Laguntza hori jasotzeko, baina, zaintzaileak sei hilabete inguruko zaintzaile ikastaroaren ziurtagiria izatea eskatzen du iaztik Foru Aldundiak –zehazki, Mendeko Pertsonei Etxeko Zaintzan Gizarte eta Osasun Arreta Emateko Profesionaltasun Ziurtagiria–. 2017ko abendua baino lehenagotik zaintza lanetan aritutakoek, ordea, ez dute derrigor atera behar izango; Calderonek, kasurako. Hala ere, badauka titulua eskuratzeko ahalmena. Diru laguntza publiko gehiago behar direla adierazi du Calderonek. «Ordu gutxiago lan egitea nahi dute guri gutxiago ordaintzeko, baina ordu gutxiagoan gauza berak egiteko eskatzen digute. Askok legez ezarrita dagoen gutxienekoa ordaintzen dute. Bestalde, oso lan ezegonkorra da». Izan ere, zaintzen duten pertsona hiltzen bada, hilabeteko kalte-ordaina kobratzen dute, baina langabezia prestaziorik ez daukate Etxeko Langileen Gizarte Segurantzaren Erregimeneko langileek. Dena dela, kontratua dutenek, baja hartzeko eskubidea izateaz gain, behintzat Gizarte Segurantzan kotizatzen dute erretirorako. «Ordea, zaintza lanetan orokorrean hogei urte daramatzat, eta kontratuarekin bost baino ez. Zortzi orduko lana ere ez da izaten askotan, eta, beraz, zaila da asko kotizatzea».

Hiru etxetako ordaindutako zaintzaz arduratzeaz gain, bere etxean ere ordaindu gabeko zaintza lanak egiten ditu Calderonek: umeak zaindu, jatorduak prestatu, etxea garbitu, joste lanak egin eta abar.

Eskuinetik hasita, Marikruz Alberdi, bere amarekin eta amaren zaintzailearekin.

«Familia askotan, zaintzaile rola emakumeak hartzen du, emakumea izateagatik bakarrik»

Marikruz Alberdi Zubizarreta (Azkoitia, 1970) bere amaren zaintzaz arduratzen da, eta pertsona helduen autonomia bultzatzeko eta mantentzeko Argituz zentroan lan egiten du.

«Gure amak 75 urte ditu. 65 urterekin hasi zen parkinsonarekin, eta gerora dementzia etorri zitzaion. Adin horrekin artean gaztea zen eta aktibo zegoen, baina behar batzuk sortu zitzaizkigun», dio Alberdik. Hasiera hartan, obra publikoetako ingeniaritza lanak egiten zituen enpresa batean, eta murrizketa eskatu zuen ama arratsaldetan zaintzeko. «Zure ordaindutako lana eginez zaintza lanetan hasten zara, asteburuak barne, eta zure bizitza erabat alboratuta uzten duzu, konturatu gabe. Hasieran zeuk esaten duzu dena egingo duzula, baina denborarekin konturatzen zara zaintzaren ardura bakarrik ezin dela eman; suizidio inkontzientea da», ohartarazi du Alberdik. Urtebete horrela pasatu ondoren, bere bi anaiekin hitz egin zuen. Eta hiruren artean hasi ziren partekatzen amaren zaintza, kontratatutako zaintzaile baten laguntzaz. Hasieran ordu batzuetarako kontratatu zuten, baina amaren mendekotasuna areagotzen zihoanez, azkenerako, gaur eta egun berarekin egongo zen zaintzaile bat hartu zuten.

Gauzak horrela, bizitza beste modu batera bideratzea erabaki zuen, bizimodu berriak erakutsita. Duela hiru urte bere lana utzi zuen ikasteko. Iaz bere enpresa ireki zuen poliki-poliki, «herrian sekulako beharra» zegoela ikusten zuelako, estimulazio kognitiboa lantzeko hondatze kognitiboa duten pertsonekin eta zaintzaileen kontratuak bideratzeko. «Ezustean harrapatzen ditu familia asko. Egun batetik bestera familiako bat gaixotu eta laguntzaile baten beharra daukazu, eta ez dakizu nondik hasi. Horrelakoetan, garrantzitsua izaten da senide guztien parte hartzea, denon beharra dagoelako. 'Guk baino hobeto nork zainduko du' esaten dugu emakumeok, baina gizonak ere zaintzaile onak direla kontuan izan behar dugu.  Laguntza eskatu behar dugu, bakarrik ezinezkoa da».

2018ko abenduaren 28an Gizarte Segurantzak lege berria atera zuen, 2024ra arte indarrean egongo dena: etxeko langileen eta gainerako langileen gutxieneko soldata orduko 5,75 euro zen lehen, eta aurrerantzean 7,04 euro gordin izango da gutxienekoa. «Beharrezkoa zen hori arautzea. Bai gutxienekoa, bai gehienekoa. Aseguru eta formazio gabe 15 euro orduko irabaztea ere gehiegizkoa baita. Familia askotan dauden pentsioekin ezin izaten da zaintzailea kontratatu. Eskerrak Foru Aldundiak ematen dituen diru laguntzak dauden».

«Sandwich belaunaldia deitzen hasi dira gure belaunaldiari, erdian gelditzen garelako», dio Alberdik. «Umeak, lana eta, gainera, gurasoak. Lehen hainbeste ez ginen bizitzen, etxean jende gehiago egoten zen eta, gainera, emakume asko ez ziren lanera joaten. Orain, aldiz, erlojupean bizi gara, eta emakumeok lanera joaten gara. Hori dela eta, edozein ezustekorekin puskatu egiten gara. Motzerako denean moldatzen gara, baina luzerako bada, ito egiten gara. Eta familia askotan zaintzaile rola emakumeak hartzen du, emakumea izateagatik bakarrik». Horrekin lotuta, kritikak ere asko izaten direla uste du Alberdik: «Gizartean oraindik gaizki ikusita dago zaintzaile bat hartzea familiako bat zaintzeko. Lana utzi behar izaten dute askok familiartekoak zaintzeko, baina lan horretan ez dute kotizatzen. Izan ere, familiarteko batek ezin ditu langile moduan etxekoen zaintza lanak egin kontratuarekin. Eta hor borroka handia dago. Orain ez badira pentsioak iristen, eta guk kotizatzeari uzten badiogu etxekoen zaintzarako, nork zainduko gaitu gu eta noren diruarekin?».

 

Aitor Arruti, bere umea zaintzen.


«Gizonoi ere badagokigu guztiontzat onuragarria izan daitekeen aldaketa bultzatzea»

Aitor Arruti Rezabal Azkoitiko bizilagunak (Urrestilla, 1968) semearen zaintza nagusiki bere gain hartua du duela hamar urtetik.

Zaintza arloari dagokionez, «aldaketa garaia» dugula nabarmendu du Arrutik. «Lehen emakumeen esku zeuden era guztietako zaintza lanak guztion ardura dira orain. Esate baterako, alabarik gabeko etxeetan, gizonezkoek heldu behar diote etxeko zaharren zaintzari, lehenengo aldiz. Ohiko maskulinitatearen mugak auzitan jarri dira, eta gizonoi ere badagokigu guztiontzat onuragarria izan daitekeen aldaketa bultzatzea», azaldu du.

«Semea jaio zenean, gure bikotean neu nintzen umearekin ordu gehien izateko ardura hartzea errazen zuena», dio Arrutik. Oraingoz ez dela emandako pausoaz damutu nabarmendu du. «Ez dago ezagutzen ez dituzun egoeretan jartzea bezalakorik zeure burua aberasteko».

«Bizimodu egitura oso bat ari da aldatzen, eta horrekiko erresistentziek indar handia dute. Gu ez gara geuk esaten duguna, egiten duguna baizik, eta tarte horretan ohiko munduak atzeraka tiratzen du. Aldatzeko pausoa ematea merezi duela uste dugunok hasi behar dugu horren alde bultzaka, gizon zein emakume, etxetik bertatik hasita. Zaintza benetan partekatua izatea, orain arteko rolak haustea. Zaintza bikotekide bien ardura dela jabetuz gero, edonor kontura daiteke pertsonak zaintzearen barruan ustekabeko balio positibo asko daudela».

Aitor Sorazu, bere seme-alabekin.

«Zaintzaren ardura gizon gehiagok hartzeko, gizonen artean txipa aldatu beharra dago»

Aitor Sorazu Segurola (Azkoitia, 1971) lau umeren aita da, eta berak hartu du haien zaintzaren ardura nagusia.
Sorazuk uste du gaur egun gero eta gizonezko gehiagok hartzen dutela umeen zaintza, emakumea ere lan munduan erabat sartuta dagoelako. Bikote bakoitzaren egoera eta lan baldintzak aztertu behar direla dio, eta bien arteko erabakia izan behar duela. «Hala ere, oraindik lan munduan gizonen eta emakumeen soldaten artean dagoen aldea ez da normala», gaineratu du.

Sorazuren ustetan, zaintzaren ardura gizon gehiagok hartzeko, «txipa aldatu beharra» dago: «Umeen zaintza eta etxeko lanen ardura emakumeen kontua dela pentsatzeari utzi eta etxeko lanak bien artean banatu beharra dagoela ikusi behar dugu». Zaintza hartu edo ez zalantzan dauden gizonezkoei zalantzarik ez izatea gomendatu die: «Urte batzuetako kontua da eta esperientzia zoragarria da. Ni behintzat asko bete nau, eta ez naiz ezertaz damutzen».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide